Soraluzeko Jaiak

Gaur, musika elektronikoko punta-puntako zuzenekoak, Gune Musik-en

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 22a, 09:01

Brenda Sayri eta Carcøma.

Gaur, zapatua, eskainiko dute musika elektronikoko lehen saioa kiroldegiko terrazan, punta-puntako artistekin. Aurten, zuzenekoek eskaintzen duten kalitatea lehenetsi eta bi izen handi izango dira ikuskizuna eskaintzen: Carcøma eta Brenda Sayuri. Bi horiek gau partean jardungo dute, baina musika elektronikoko festibala 16:00etan izango da eta besteak beste, partaide izango ditu Orlando, RUDA eta APA soraluzetarrak.

Aurten, jaietako bi egun musika elektronikoak girotuko ditu. Bihar, uztailak 22, 16:00etan hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko da Gune Musik jaialdia eta, berritasun modura, zuzeneko musika saioa izango da. 

Uztailaren 25ean, martitzena, berriz, 18:00etan hasiko da tekno jaialdia eta Gune Musik kolektiboko DJak jardungo dute hura girotzen. Biak kiroldegiaren gaineko terrazan egingo dira, sarrera debaldekoa izango da eta segurtasun zaindariak.

"Elegantea izango da"

Zuzeneko saioei dagokienez, Gune Musik kolektiboko sortzaile Mikel Aparicio APAk esandakoaren arabera, aurten formatu horretako eskaintzaren aldeko apustua egin dute "kalitate musikala" balioan jarrita. Jakinarazi duenez, bi artista ekarriko dituzte, "neska japoniar bat eta mutila Cadizekoa. Jaialdia elegantea izango da". 

Zuzeneko ikusgarria

Brenda Sayuri eta Pablo Barros Carcøma izango dira bi musikariak eta zapatuko jaialdian, gauean jardungo dute. "Izango da beti ezagutu dugun jam sessiona, baina pertsona bakar batek eginda eta instrumentuak ere denak elektronikoak izango dira. Zer ekarri erabakitzeko, jende piloa egon ginen begiratzen eta aukeratu genituen iruditu zitzaigulako bi artista horiek zuzeneko bat zelakoa den ikusteko egokienak zirela eta aukeratu genuen bisualki ondoen ikusten zirenak. Ibilbidea ona eta eskarmentua dute", esplikatu du APAk.

Bien artean, izar nagusia Brenda Sayuri da, japoniar jatorria duen artista brasildarra. 9 urterekin hasi zen musikan eta Brasilen zein Espainian egin ditu musika ikasketak. Adituen arabera, progressive house/techno estiloko musikaria da, zuzenekoetako profesionala; etengabe bere ekoizpen "hobetuak" aurkezteagatik nabarmentzen dena, zuzeneko set-a etengabe aldatuz, zeinetan berak zuzenean diseinatu eta gauzatutako ahotsen eta tresna digitalen efektuak txertatzen dituen. Horrez gain, zigilu propioa du, L__A__B mainstream musikara zuzendua.

Carcømari dagokionez, hark ere eskarmentu luzea dauka musika elektronikoaren munduan eta berak ere badu bere zigilu propioa: Analog Behaviour.

Kolektibokoen jaialdia

Martitzeneko jaialdiari dagokionez, berriz, kolektiboko artistek girotuko dute Open Air jaialdia: Orlandok, APAk, I+D-k, Txen-ek, RUDAk, Sergiok eta Garik.