Soraluzeko Jaiak

Oihan Vega: "Energia eta zoriontasun piloa ematen didate plazek"

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 21a, 10:01

Oihan Vega Soraluzen, iazko jaietan.

Bosgarren urtez, bihar, zapatua, Plaza Zaharra dantzan jarriko du Oihan Vegak bere diskofestarekin, 23:00etan. Gertutik ezagutzen du Soraluze Oihan Vega angiozartarrak. Etorri den guztietan bete-beteta egon da plaza, dantzan zoratzen eta oraingoan ere asmo berberarekin dator.

 

Iruñea sutan jarri ondoren, asmo berberarekin dator Soraluzera. Soraluze prestatu!!! dio Oihan Vega musikariak. Segidan Pil-pileani eskainitako elkarrizketa.

Zuretzat zer da Soraluzera etortzea?

Etxean egotea da, arrazoi askorengatik. Soraluzen lan egiten egon nintzen urte batzuk musika eskolan; horrekin ere badu lotura. Etxea kontsideratzen dut bertako idiosinkrasia kontrolatzen dudalako. Eta etxea da Bergara erdia edo ia osoa doalako hango jaietara.

700 emanaldi baino gehiago plazarik plaza; zer ematen dizute plazek?

Energia eta zoriontasun piloa. Oso polita da egiten dudan lana, bizpahiru ordu irauten duten saioetan, jendea zoriontsu ikustea, milaka pertsona dantzan. Denok ditugu mobidak, arazoak, baina bizpahiru ordu horietan dena desagertzen da. Oso inportantea da deskonexio hori izatea bizitzan eta oso polita da ikustea zoriontasun hori lortzen dela. Jendeak hori islatzen dit niri, argazkietan ikusten da, aurpegi bakoitza dago ondo pasatzen, eta, horrekin ez naiz aspertzen. Gainera, urtero kantu berriak sartzen doaz, kantuak aldatzen. 

Zein da sekretua beti plazak betetzeko?

Ez dago sekreturik; niri esperientziak ematen dit gradua, urte asko daramat honetan. DJ baten lanik zailena da asmatzea da zer jarri zein momentutan eta hori da nik dudan dohainik indarsuena. Plazarik plaza gauzak asko aldatzen dira. Euskal Herrian, euskalkiekin gertatzen den moduan, 5 kilometrotan dena aldatzen da. Astigarragan, adibidez, Barakaldon baino euskal kanta gehiago jartzen ditut. Joan behar dut egokitzen errepertorioa tokian tokiko ezaugarrietara eta ohituretara. Eta, ikusten dudanaren arabera ere jartzen dut musika, momentuan inprobisatzen, dagoen giroaren arabera. Publikoaren animora egokitu behar naiz. Jendea dantzarazten duten DJak ez gara asko. DJ batek ez badu jendea dantzan jartzen ez da DJ ona. DJaren eginkizun nagusia da asmatzea zer jarri, noiz eta non.

Zein koreografia entseatzeko esango diegu soraluzetarrei?

Orain plazetan dagoen goi mailako Bizarrapen 56. sesioa, eta, euskal doinuetan, Malakias eta Gozategiren PorruPatataren bertsio elektronikoa. ETS ere bai, haien edozein kanta. ETS da Euskal Herriko erreferenterik handiena gazteei dagokionez.

Iaz, besteak beste, Euskaraz Bizi Nahi dut bandera atera zenuen taula gainera. Aldarrikatzailea ere bazara?

Aldarrikatzailea ez. Politikan sartzea ez dut gustuko. Baina ​​euskal kultura, euskara bultzatzea bai. Bandera pirata ere ateratzen dut, transgresio puntu hori ere aldarrikatzen dut, albokoa molestatzen ez duzun bitartean egin ezazu nahi duzuna. Muga bakarra da albokoa molestazea.