Atzoko osokoan Unai Larreategi alkateak azaldu zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 274.728,08 euroko dirulaguntza bideratuko du udal-estalkietan tokiko energia-komunitateen bidez eta partekatutako autokontsumo-erregimenean, eguzki-instalazio fotovoltaikoak ezartzeko.
Xehetasunen arabera, herriko honako lau teilatutan jarriko dituzte eguzki-plakak: Ezoziko futbol zelaiko harmailetan, Plaentxi Herri Eskolako saskibaloi kantxaren teilatuan, Frontoi kaleko 5. zenbakiaren teilatuan eta San Andresko frontoiko teilatuan.
Larreategik esplikatutakoaren arabera, instalazio fotovoltaiko horiek eraikitzeko prozedura guztia (lanak lehiaketara atera, esleitu…) Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du.
Energia komunitatea
Energia komunitateari dagokionez, berriz, instalazio horien esleipena egin ondoren hasiko dira autokontsumoa oinarri izango duen energia komunitatea eratzeko pausoak ematen, irailetik aurrera.
Bozketan, puntua udal ordezkari guztien erabateko adostasunarekin onartu zen.
Boto azalpena egiterakoan, Iker Aldazabal EAJko bozeramaleak gogora ekarri zuen egitasmo hori aurreko agintaldian EAJk eta PSE-EEk Diputazioarekin adostu zutela eta energiarekin lotuta aurreko Udal Gobernuaren lorpen nagusiak gogora ekarri zituen, hala-nola: esandako dirulaguntza lortu izana, herrian energia kontsumorik handiena duen kiroldegiaren estalkian 126 eguzki-plaka jartzea (laster bukatuko dira lanak) eta besteak beste, 2017an, Sologoeneko zentrala Udalak herriarendako bereganatu izana.
Zentral hidroelektrikoarekin eta herrian sortuko den energia komunitatearekin lotuta, Aldazabalek eskatu zuen Udal Gobernuak azter dezala aukera Sologoeneko zentraletik sortzen den argindarra energia komunitate horretara bideratu eta horrela, herrian sortutakoa herrian bertan kontsumitzeko. Eta horrekin guztiarekin batera, besteak beste, azpimarratu zuen halako egitasmoetan, Udal Gobernuak EAJ bidelagun izango duela.
Halaber, Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak bat egin zuen Aldazabalen irakurketarekin eta zehaztu zuen, Diputazioarekin lortutako akordioaren arabera, Udalak konpromisoa hartzen duela instalazio fotovoltaiko horien kudeaketa bost urteren ondoren bere gain hartzeko -bost urtean Diputazioa izango da haren kargura- eta Aldazabalek esan zuen moduan, gutxienez, 20 urtean mantentzeko.
200 etxebizitza baino gehiagori
Bestalde, datu bat ere eman zuen Borinagak: bost teilatuetan ezarritako instalazioetan lortutako energiak 200 etxebizitza baino gehiagori emango diola zerbitzua.
Unai Larreategik, berriz, adierazi zuen orain arte legeak ez zuela ahalbidetzen zentralaren argindarra balizko energia komunitatera bideratzerik, legeak gehienezko distantzia mugatu egiten baitzuen, baina jakinarazi zuen orain legea aldatu eta luzatu egin duela energia sortzen den puntutik kontsumitzen den puntura arteko distantzia, beraz, aztergai izango dela Sologoenen sortutako argindarra soraluzetarren autokontsumora bideratzea.