Herriko jaietan berdintasuna eta askatasuna bultzatzeko eta eraso sexistei zein homofobikoei aurre egiteko plangintza integrala aurkeztu du Soraluzeko Parekidetasun eta Aniztasun sailak.
Atzo, eguaztena, aurkeztu zuen Soraluzeko Udaleko Berdintasun Batzordeak, indarkeria eta eraso matxisten kontrako gida eta jaietako zapiak eskuetan zituztela.
Erasoen jarduteko protokoloari dagokionez, Udalak nabarmendu du ostalariekin eta jai batzordeekin batera osatu dutela, “horrela, bertan jarduten duten kide guztiek jakingo dute, jarraitu beharreko pausuak zeintzuk diren”.
Xehetasunen arabera, iaz jai batzordeekin egindako balorazioa oinarri hartuta protokoloa eguneratu dute. Batik bat erasoa jasan duen pertsona artatu, lagundu eta bere beharrak errespetatzean indar handiagoa jarriz eta eraso matxista mota ezberdinen definizio bateratuan gehiago sakonduz. Eraso larri bat gertatzen bada, berriz, udal mailan jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren ere zehaztu dituzte.
Gune Morea eta zapiak
Bestalde, SexuBizi Gune Morea ere jarriko da, uztailaren 22an, 23:00etatik 02:00etara Zubi Nagusian. Bertan, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak eskuratu ahal izango dira, baita sexualitateari buruzko informazioa eta materiala ere.
Jaietako zapiei dagokienez, berriz, barikuan, uztailaren 21ean jarriko dituzte salgai, euro batean, Zubiko eta Plaza Zaharreko txosnetan eta Iratxon. Soraluzeko jaixetan aske gozatu! da zapiko leloa.
Gida, berriz, edozeinen eskura izango da, tabernetan eta txosnetan. Beldur Barik #Jarrera izenburua du eta eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak aldarrikatzen ditu. Gida esplikatzen da zer diren eraso eta topiko matxistak eta ligoteo sanoaren zein sexualitate askearen aldeko mezuak daude jasota.
Bukatzeko, Udaletik honakoa azpimarratu dute: "Soraluzen ez dugu eraso matxista, arrazista eta LGTBI+fobikorik onartzen. Eta denon ardura da, hori horrela izan dadin, erantzukizunez jokatzea".