Aurtengo jaiek egutegi berezi samarra izango dute, izan ere, kainoikada 24an jaurtiko da baina benetan jaiak 21ean (barikua) abiatuko dira pilota partida eta Zubiko txosnaguneko kontzertuekin (Revolutionary Love, Debrass Band, Lukiek, Iskanbila, Burugabe). Hurrengo egunean, zapatuan, ere hainbat ekimen izango dira egun osoz: goizean pilota txapelketaren finala jokatuko dute San Andresen eta ostean, Galtzagorrien 20. urteurreneko eta pelota txapelketako bazkaria elkarrekin egingo dute Kalebarrenen (txartelak salgai Iratxon); arratsaldean, Gune Musiken tekno jaialdia eta elektrotxaranga eta gauean Oihan Vegaren emanaldia Plaza Zaharrean eta kontzertuak txosnagunean. Domekakoa, egitarau lasaiagoa izango da: goizean zehar, umeen krosa, gazta dastaketa, kantujira egingo dira eta arratsaldean, bertso saioa, puntako lau bertsolarirekin: Lujanbio, Enbeita, Colina eta Iguaran..
Biharamunean, astelehen eguerdian, gazteek bazkaria egingo dute Zubian (txartelak salgai Iratxon) eta iluntzean, kainoikada botako dute Galtzagorriak udaletxeko balkoian direla. Ostean jokatuko da futbitoko finala eta gauean Muzak taldeak kontzertua eskainiko du txosnagunean Txaberria eta Malko taldeekin batera; Plaza Zaharrean, berriz, Old Glasses, "inoizko rock kanturik onenak" jotzen. Hogeitalauan eta hogeitabostean egitarauaren bizkarrezurra ohikoa izango da baina nabarmentzekoa da musika eskaintza zabala. Esaterako, Santiago egunean, arratsaldean, Open Air Gune Musik, Goazen, Granujas a todo ritmo taldearen kalejira egingo dira eta gauean, Gozategik joko du plazan eta Beranduegi erromeria taldeak txosnagunean, eta amaitzeko, BDK & Froglad DJak. Santa Ana egunean, berriz, gaiteroek joko dute zezenean, arratsaldez, “Porrusalda erromeria” egingo dute umeentzat, Mojito arratsaldea Ezoziko Gaiztoak musika jartzaileekin eta gauean, Los Tenampas taldeak rantxerak eskeiniko ditu Plaza Zaharrean.
Udalaren mezua
Udalak jaien inguruko mezua zabaldu du, besteak beste, goraipatuz Galtzagorriek hogei urteotan egin duten lana "Soraluzeri gune herrikoi eta partehartzaileak eskainiz". Ildo berean, azpimarratu dute aurtengo jaien "ezaugarri nagusia partehartzea" izango dela eta eskerrak eman dizkie aurten jaien antolaketan diharduten "eragile, kolektibo eta norbanako" guztiei. Jarraian, Udalaren mezua osorik:
Badatoz aurtengo Santiago eta Santa Ana jaixak, soraluzetarrondako egun garrantzitsuak, ilusioz eta harrotasunez bizi ditugunak.
Aurtengo jaien bereizgarri eta aipagarri da Galtzagorri Jai Batzordea eta txarangaren 20. urteurrena. Iada bi hamarkada lanean jaiak herritik eta herriarendako antolatzen, urtez urte herriko kaleak musika eta dantzaz alaituz eta Soraluzeri gune herrikoi eta partehartzaileak eskainiz. Guzti horregatik, Galtzagorriak izango dira jaiei hasiera ematearen arduradunak.
Denetarik izango da jaietan, adin eta gustu guztietarako aukerak jasotzen baititu egitarauak: musika, dantzak, otorduak, kirol ekimenak, aldarrikapen uneak… Kainoikada uztailaren 24an izan arren, 21etatik izango dugu ekimen desberdinez gozatzeko aukera.
Aipatzekoa da ere 2023ko jaien ezaugarri nagusia partehartzea izango dela. Soraluzeko hamaika eragilerekin elkarlanean antolatu dira aurtengo jaiak ere. Herri bizigarriago baten bidean egiten diharduten lanagatik bihotzez eskertu nahi dugu jaien antolaketan ari diren herri eragile, kolektibo eta norbanako guztiak.
Aurrera begira ere, segi dezagun ilusioz Soraluze alkarrekin pizten!