Asteburuan, futbito txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 12a, 09:43

Barikuan, futbito txapelketako Ligako finalerdiak jokatuko dituzte Araneko frontoian. 19:00etan izango da lehen partida eta 20:00etan, bigarrena. Zapatu goizean, berriz, Kopako finalerdiak izango dira, 10:30ean lehen partida eta 11:30ean, bigarrena.

Ligako finalerdiei dagokienez, barikuan 19:00etan, Salabardo taldeak Jubiletak taldearen kontra jokatuko du. 20:00etan, berriz,  Drink Team taldeak jokatuko du norgehiagoka Aribiransa taldearen kontra.

Kopakoak

Kopako finalerdiei dagokienez, berriz, zapatuan, 10:30ean, Goenetxetxo taldearen eta Rif City taldearen arteko norgehiagoka izango da eta 11:30ean, Kastakuak taldeak Xavineta taldea izango du aurrez aurre.

Finalak

Finalerdietatik finaletarako sailkatzen diren taldeek jaietan, uztailaren 24an jokatuko dituzte finalak, 19:30ean. Antolatzaileek esandakoaren arabera, aurten, asmoa zuten finalak Araneko frontoian barik, eliza ondoko frontoian egiteko, finalei ikusgarritasun handiagoa emate aldera. Baina frontoian jaietako azpiegiturak ipinita izaten dira eta ezin da bertan partidarik jokatu. Beraz, finalak ere Araneko frontoian jokatuko dira.