TOURRA GUREAN

Pello Lehendakari!!!

Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 11a, 19:32

@LeTour

Pello Bilbaok etapa ikusgarria irabazi du Issoire-en, ihesaldia bikain errematatuta esprintean; Tourreko orain arteko etapa gogorrena, politena izan da, eta egun honetako historian betirako lekua izango du gernikarrak.

Nekez topatuko dugu Euskal Herrian Pello Bilbaok adina sinpatia, zaletasuna, babesa, animoa sortzen duen goi mailako kirolaririk. Mutil umila da, zintzoa, arrakastaren aparra natural kudeatzen duena, eta ziklista aparta; munduko onenetakoa. Hanka zuztarrez, genetikaz, baina baita buruz ere, batak bestea gabe ez duelako ezer balio. Pello Bilbaoren atzoko etapa puska Tourreko historian gordeta geratuko da betirako, 2023ko Tour honetako etapa gogorrena, zailena, azkarrenetakoa, gaur arte behintzat. Hanka zuztarretako odola erabili du aurrena, ihesaldi ona harrapatzeko; lana lodi egin du etapa hondarrean Kris Neilands ihesean zihoan laguna harrapatzeko, eta azken kilometroan, flamme rouge-a pasa ostean, 200 pultsaziotan, odol hotzez jokatu eta maisuki irabazi du esprinta.

Txirrindulari osoa baita Gernikakoa. Ihesaldiak harrapatzen, eta errematatzen iaioa. Etapa hasieran bizpahiru aldiz saiatu da ihesaldi ona harrapatzen. Lehen ahaleginean kale egin du, tropela mila zatitan hautsi eta Pogacar eta Vingegaard bera tropel burura iritsi baitira. Beste mila ahalegin egon dira, ihesaldi ona egin bitarte, baina aurrera egin duenean hor zen Pello, ttak!!! Odol garbiko zaldi on asko alboan zituela: Kiatkowski, Alaphilippe, Ben O'Connor, Esteban Chaves, Neilandts...

Tropelak ez die baimen handirik eman, Pello Bilbaok badituelako Top 10 batzuk itzuli handietan, eta ezin zaiolako minuturik oparitu. Alpecin taldeak jarrera ulertezina erakutsi du, etapa garaipena bilatzeko Van der Poel jarriz tiratzen. Errepideak bere lekuan jarri ditu, ondoren, merezita. Hiru minutuko errenta lasaigarriarekin, etxafuegoak hasi dira lasterketa buruan. Israel taldeak bi lagun zituen, Schultz eta Neilandts, eta letoniarrak jo du erasoa azken mendatean. Saiatu da Pello bere gurpila jarraitzen, baina ezin. 40 segundoko aldearekin pasa da Neilandts buruan mendatetik, baina jazarpenean zetorren boskoteak Issoire-ko helmugatik hiru kilometrora harrapatu du Israel taldekoa.

Gero zer gertatu den badakizue: O'Connor-ek erasoa, Pello atzetik; Zimmermann-ek erasoa, Pello atzetik. Helmugatik 400 metrora, seikotea batuta ia-ia, baina Pello lasai. Eta 200 metrora errematea: gatza eta etapa eta zerua hatz puntekin ukitzen: Gino Mader zendu berria gogoan!. Etapa bikaina, eta nagusian ere ikusgarri, bosgarren!!! Euskal Herrian hasi zen Tourra, Erdialdeko Mendigunetik Gernikaraino egin du jauzi gaur bueltan. Gernikara, eta Euskal Herri osora, Pello Euskal Herriko kirolari maitatuenetakoa delako.

Pello Lehendakari!!!