Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, EH Bilduk Udal hauteskundeetarako kanpainan esan zuen moduan, Soraluze biziberritzea du helburu eta zeregin horretan aurreikusten dute "ahalegin eta indar handiak" beharko direla, inplikazio handia zinegotzien aldetik herrian aldaketa eragiteko, eta, horregatik, EH Bilduk pertsona bakarra barik, bi liberatuko ditu.
Liberatu bi, gastu bera
Hala, azaldu zuen zinegotzien jardunak eta soldatak zenbatekoak izango diren. Unai Larreategi alkateak jardun osoko dedikazioa izango du eta ordainetan, urtean 30.300 euroko soldata gordina (kotizazioa barne) izango du, hilero 2.164,29 euro. Maite Quintanilla zinegotziak, berriz, %80ko dedikazioa izango du eta urtean 26.700 euroko soldata gordina; hilero 1.907,14 euro (irailetik aurrera). Guztira, Udalak hilero 4.071,43 euro bideratuko ditu alkatearen eta zinegotziaren soldata ordaintzeko; orain arte, alkatearen soldata gordina 4.073, 07 eurokoa izan da, pandemia sasoian izan ezik, sasoi hartan Iker Aldazabalek %10,58 jaitsi zuen soldata, 2020ko uztailetik 2022ko urtarrilera arte.
Laburbilduz, lehen EAJ-PSE-EE-ren Udal Gobernuak alkatea jardun osoz liberatzeko bideratzen zuen diru kopuru berbera baliatuz, orain, EH Bilduk bi pertsona liberatuko ditu: alkatea jardun osoz eta zinegotzi bat %80ko jardunez.
Bestalde, alkateak eskertu egin zuen Maite Quintanillak emandako pausoa, hezkuntzan duen irakasle postua aldi baterako lagako duelako, zinegotzi moduan lan egiteko.