Udal ordezkariak, osokoen maiztasuna eta bestelako izendapenak

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 6a, 10:47

Zinegotziak agintaldiko lehen udalbatzan botoa ematen.

Atzo egin zuten agintaldiko lehen osoko bilkura eta zehaztu zituzten bilkuren maiztasuna eta zein izango diren Udalaren ordezkariak erakunde kolegiatuetan eta talde politikoen bozeramaileak.  

Osoko bilkuren maiztasunari dagokionez, orain arteko berbera izango da: bi hiletik behin, hileko lehen eguaztenean, 19:00etan izango da udalbatzarra. Unai Larreategi alkateak esan zuenez, ordua aurreratzeko aukera aztertu zuten arren, oraingoz, ezintasunak daude horretarako. Baina aurrerago, aukera sortuko balitz, ordua aurreratzeko aukera mahaigaineratuko dute.

Udal taldeen bozeramaileei dagokienez, ondorengoak izango dira:

  • EH Bildu: Unai Larreategi.
  • EAJ: Iker Aldazabal.
  • PSE-EE: Patricia Borinaga.

Batzordeak

Batzordeei dagokienez, berriz, aldaketa bat ezarriko dute: orain arte bi batzorde izan diren Hirigintza eta Obrak eta Mantenua batzordeak, aurrerantzean batzorde berean kudeatuko dira: Hirigintza, Obrak eta Mantenua. Gainerako batzordeak bere horretan mantenduko dituzte: 

  • Hirigintza, Obrak eta Mantenua
  • Kontuak eta Ogasuna
  • Hezkuntza
  • Kirolak eta kiroldegia
  • Hizkuntza politika
  • Kultura
  • Ingurumena eta Landa garapena
  • Osasuna, Gizarte ongizatea eta Inmigrazioa
  • Parekidetasuna
  • Haurrak eta Gazteak

Osterantzean, jakinarazi zuten, legez, alkatea bera dela guztien batzordeburua eta dekretu bidez izendatuko dituela bere ordezkoak batzorde informatzaileetan (batzordeburuak). Horren berri aurrerago emango dute.  

Batzordeekin segituz, Bozeramaleen Batzordea talde politiko bakoitzeko bozeramaleekin osatuko dute.

Debegesa, Mankomunitatea...

Azkenik, gainerako izendapenei dagokienez, honakoak jakinarazi zituzten:

  • Tokiko Gobernu Batzarra: Unai Larreategi, Ana Rosa Maiztegi, Maite Kintanilla eta Iker Uzin eta gonbidatuta daude EAJko zein PSE-EEko ordezkariak ere.
  • Alkateordeak hiru izango dira: lehena Maite Kintanilla, bigarrena Ana Rosa Maiztegi eta hrugarrena Iker Uzin.

Eta erakunde kolegiatuetan honakoek ordezkatuko dute Soraluzeko Udala:

  • Gipuzkoako Ur Partzuergoan: Unai Larreategi (ordezkoa Maite Kintanilla).
  • Plaentxi Herri Eskolan eta Soraluze BHI Institutuan: Maite Kintanilla.
  • Debegesan: Unai Larreategi.
  • Itxaropena Erretiratuen Elkartean: Iker Uzin.
  • EUDELen: Unai Larreategi.
  • Debemenen: Jone Alberdi (ordezkoa, Unai Larreategi).
  • Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatean: Unai Larreategi.

Puntua EH Bilduren aldeko sei botoekin eta EAJren eta PSE-EEren bost abstentzioekin onartu zen.