Pasa den barikutik, ekainak 30, ikus daiteke Encarna Bermudez argazkilariaren "Begirada peripatetikoa" erakusketa Oreka Art galerian. Uda bukaerara arte bisitatu ahal izango da, doan, 19:00etatik 20:00etara.
Kasualitatez eta duela gutxi hasi zen argazkigintzan; 7 urte eskas daramatza argazkilaritza munduan. Behin, alabarenean zegoela, eguzki izpiek kristalezko ontzi bat jo, hartatik sortutako isla eta tonalitateek arreta eman eta istant hura jasotzea otu zitzaion. Ez zuen, ordea, ontzia bera bere osotasunean hartu: ahalik eta gertuen hurbildu eta zati txiki baten irudia jaso zuen, objektua baino, irudi abstraktuaren bila.
Txikiaren xarma
Harrezkero, gertu-gertutik jasotako objektuen testura, argi-joko eta bestelako berezitasunak dira Bermudezen marka garbia. Ez du gustuko erretratatzea ez pertsonarik, ez paisaiarik, aitzitik, egunerokotasunean aurkitu daitezkeen objektuen detaileak jasotzeak motibatzen du.
Joera hori, gaztetatik izan duen galeria-zuzendari lanari egozten dio: “Hainbeste urtetan arte munduan murgilduta izan ostean, ikuspegia zeharo deformatuta daukat”. Artea edozein gauzatan ikus dezakeela dio: ur-tanta batean, zabor-pala bateko zikinkerian edota garagardo baso batek utzitako aparrean.
Izenburuaren zergatia
Begiratzeko modu horretatik datorkio “Begirada peripatetikoa” izena erakusketari, bere esanetan, Aristotelesen antzera jarduten duelako: inspirazioa paseoan edo nonbaiten egonean egonda etortzen zaio. "Sekula ez dut argazki saiorik planifikatzen, momentuko zerbaitek zirrara sortaraztean hasten da nire lana" eta, horretarako, —argazkia atera osteko editatze eta inprimatze prozesua konplexuagoa bada ere— bere 100 euroko mugikorra besterik ez omen du erabiltzen, "artea edozein izkinatan topa daitekeelako".
Bisita beste egun/orduren batean egin nahi izatekotan, deitu hurrengo zenbakira: 635706690.