Elkarrizketa

"Ahaleginduko gara benetan inportanteak diren gauzei heltzen" Unai Larreategi (Alkatea)

Ubane Madera eta Ander Gomez 2023ko uzt. 1a, 08:00

Bi aste dira Unai Larreategi Soraluzeko alkate izendatu zutela. Ondorengo elkarrizketan, hizpide izan ditu lehen egunotako zereginak eta hurrengo hilabeteetarako lehentasunak.  

Zer da alkate modura egin duzun lehen gauza?

Kargua hartu aurreko egunetan, Ikerrekin trasbasea egin nuen eta nire asmoa egunotan hauteskundeetan azaldutako programa ordenatzen hastea zen, baina lehen egunean ufala etorri zen eta urgentzia horri erantzuten pasatu genuen eguna.

Hasierako hilabeteotan zeri emango diozu lehentasuna?

Programa batekin aurkeztu gara eta orain hori garatzeko plan programatikoa osatzea dagokigu. Hasita gaude lan horretan eta ahaleginduko gara oposizioko zinegotziekin konpartitu eta haien ekarpenak ere jasotzen. Uste dugu oso inportantea dela datozen lau urteetarako markoa ezartzea. 

Badago baliabiderik denak garatzeko? 

Horiek garatzeko kalkulu oso bat egin beharko da eta kalkulu horrek esango digu ea proiektu horiek garatzeko nahikoa izango dugun herriko baliabideekin edo beste instituzio batzuetako baliabideak topatu, bilatu eta erakarri beharko ditugun. Goazen lehenengo ariketa osoa egitera eta horrek emango digu erantzuna. 

Elkarlanerako beharra azpimarratu zenuen udalbatzarrean. Alkarrekin egitasmoa berreskuratuko duzue? 

Bere garaian, Alkarrekin dinamika bat izan zen. Orain ez dakigu zein forma hartuko duen. Alkarrekin esaten dugunean kogobernantza da. Guk nahi dugu kogobernantzaz lan egitea eta guretzat hori lehentasunezkoa da. Zinegotzi guztiak, politikari eta teknikariak, politikari eta herritarrak, enpresari, eragile eta abarrak...   

Uztailean eratuko dira batzordeak. Baduzue asmorik aldaketaren bat egiteko?  

Hasiera batean, ez. Herri batzuetan hasita daude ariketak egiten eraginkortasunean irabazteko eta multidisziplinarragoak izango lirateken batzordeak eratzeko, baina erreflexio txukun bat egin aurretik ez dugu aldaketarik planteatuko.  

Esan izan duzu EAJ-PSE-EEk estrategia argirik gabe jardun dutela udal gestioan. Orain zein da estrategia? 

Gure estrategia programan zentratuko da eta ahalegin berezia egingo dugu egunerokotasunak ez jateko. Horretarako, behar diren plan eta berrantolaketa guztiak egingo ditugu, gure baliabideak ondo antolatu eta benetan inportanteak diren gauzei heltzeko. 

Hala ere, aurreko udal gobernuak hainbat proiektu handi laga ditu konprometituak: Pascual Churruca, SAPAko parkea… Horiek bere horretan segituko dute?

Guk martxan dauden gauzak ez ditugu frenatuko. Guk ez dugu esan ados ez gaudenik proiektu horiekin. Herriaren onerako izango dira? Bai. Baina ez ote zegoen beste premia handiagorik herrian diru horiek inbertitzeko? Hori da gure kezka, baina behin abiatuta, bukatu daitezela ahalik eta txukunen.  

Zerbait gehitu nahi izanez gero…

Eskertu nahiko nuke herritarrek izaten diharduten jarrera, bere premiak azaltzera hurbilduz, patxadaz eta gertutasunez. Gu ere ahaleginduko gara erantzuten eta ea denon artean herria biziberritzeko salto polit bat emateko moduan gauden.