Txapeldunorde eta txapeldun

Ubane Madera Zangitu 2023ko eka. 21a, 09:46

Soraluzeko Pilota Elkarteko ordezkariak txapeldunorde zein txapeldun tituluak eskuratu zituzten asteburuan jokatutako lehiaketetan. Nagusien mailan, Manex Balerdi Euskal Ligako txapeldunorde da eta txapeldunorde dira, Aitor Atxotegi eta Manex Balerdi ere Debarroko txapelketan. Jubenil mailan, berriz, txapeldunak dira Mikel Caramanzana eta Ibon Ibarra. Argazkiak: Iñigo Zaitegi.

Asteburu gazi-gozoa izan zuten Soraluzeko Pilota Elkarteko ordezkariek joan deneko hau. Gazia, hiru finaletatik bitan ez zutelako txapeldun izaterik lortu eta jakina denez, behin finalera iritsita, beti irabaztea nahi izaten baita. Gozoa, berriz, Soraluzeko kluba ordezkatu zuten gazteek, Mikel Caramanzanak eta Ibon Ibarrak euren finala irabazi egin zutelako.

Gazteei dagokienez, erraz irabazi zuten finala, 22-8 eginda, Bergarako Lazpiurren eta Alberdiren kontra. Gainera, sendo jokatu zuten aurreko zein atzeko koadroetan eta Caramanzanak ondo baino hobeto bukatu zituen tantoak. 

Euskal Liga

Nagusiei dagokienez, berriz, Manex Balerdik 22-15 galdu zuen eskuz banakako Euskal Ligako finala. Aitor Atxotegi entrenatzaileak kontatutakoaren arabera, partida gogorra izan arren, hasieratik amaierara hobea izan zen Diaz de Gereñu eta merezimendu osoz irabazi zuen hark.

Debarrokoak

Debarroko txapelketako finalari dagokionez, berriz, 22-19 galdu zuten Aitor Atxotegik eta Manex Balerdik Etxanizen eta Gartziaren kontrako norgehiagoka. 

Aitor Atxotegiren arabera, “partida gogorra eta luzea izan zen; markagailuan nahiko paretsu ibili ginen, normalean eurak aurretik, harrapatzen genituen baina joan ere egiten ziren, pare bat tantorengatik, eta azkenean, azkeneko 2-3 tantoetan erabaki zen, ze 19na ere joan ginen. Penaz. Azkeneko 6-7 edizioetako txapela Soraluzera ekarri dugu baina ezin izan dugu zortzigarrena ekarri”.

Frontoian ikusle asko izan ziren eta haien arabera, emozioz betetako partida jokatu zuten Atxotegik eta Balerdik, kalitate handiko tantoz josita. Soraluzetarrak hobeto hasi ziren arren, bergararrak nagusitzen joan ziren eta behin aurrea hartuta, eutsi egin zioten abantailari, nahiz eta soraluzetarrek berdintzea ere lortu. Azken tantoetan erabaki zen partida eta haiekin gozatu ederra hartu zuten pilota-zaleek, tanto zoragarriak ikusteko aukera izan baitzuten.