Gaurtik eguaztenera arte ikusi ahal izango da Diego Montalban (1945, Chipiona) margolariaren omenezko erakusketa. Oreka Art galerian dago ikusgai ekainaren hasieratik eta arratsaldez bisitatu daiteke, doan, 19:00etatik 20:00etara.
Cadiztarrak Soraluzen
Ohikoa den bezala, artista bera gerturatu zen irekiera egunean, erakusketa aurkeztera eta herritarrekin bere obraren inguruan solasean aritzera. Baina, oraingo honetan, bere familia osoa ere agertu zen.
Cadiztik espresuki inauguraziora etorri ziren eta aretoko izkina guztiak lore-sorta eta loreontziz bete zituzten, berez kolore biziduna den Montalbanen erakusketa are koloretsuago bihurtuz.
Albertorekin harremana
Betidanik bisitatu izan du Chipiona galeriaren jabe den Alberto Ramirezek, eta gaztetatik begiz jota zuen Montalbanen obra. Denborarekin, bere artearen zale amorratu bihurtu zen Alberto baina, erakusketa ugari bisitatu arren, ez zen sekula ausartu gerturatzera eta harekiko zuen miresmena adieraztera.
Behin, kasualitatez, Chipionako hondartzako bidexka batean egin zuten topo, biak bizikletan zihoazela: "Bidea estuegia zen eta bizikletatik jaistera behartuta ikusi ginen". Orduantxe ausartu zen harekin berba egitera eta, geroztik, adiskide min izan dira, 40 urte luzez. Orain, hondartzako bide hori berrituta omen dago eta pasealeku zabala da: "Gaur egun gurutzatuz gero, ez genukeen ezta elkar ikusi ere egingo, beraz... eskerrak garai hartako bidexka horri!" dio Albertok, barre artean.
Bisita beste egun/orduren batean egin nahi izatekotan, deitu hurrengo zenbakira: 635706690.