Garbitasun grebarekin segitzen dute Osakidetzan

Ubane Madera Zangitu 2023ko eka. 15a, 10:33

Soraluzeko anbulatorioko bazterretan, agerikoa da Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileen grebaren eragina. Han eta hemen pilatuta daude kaxak, zabor poltsak zein bestelako hainbat hondakin. Garbitzaileek dagoeneko hiru hilabete pasa daramatzate greban eta ELA sindikatuak ekainaren 18ra arte luzatu du protestaldia. LAB sindikatuak, berriz, salatu du “Osakidetzako garbiketa-zerbitzuen esleipendun diren enpresekin berrogeita hamar bat bilera eginda ere, negoziazioaren erabateko blokeoa” agerikoa dela.

ELA sindikatuak salatzen duenez, negoziazioak “erabat blokeatuta” daude. “Lan Sailak eta Osakidetzak ez dute inolako borondaterik arazoa konpontzeko, eta patronalarekin bat etorriz, blokeatu egiten dute karreraren ordainketaren negoziazioa”, salatu dute.

Halaber, ELAk argi du “arduradunak enpresak direla, egunez egun langileen kontura irabaziak dituztenak”. Baina uste du Eusko Jaurlaritzak ere baduela “gatazka honetan erantzukizuna; izan ere, gatazkari irtenbidea ematen saiatu ordez, trabak jarri eta zaildu egiten du langileen greba eskubidea, aparteko garbiketekin”.

Joko-arauak haustea egotzi diote Osakidetzari

LAB sindikatuak, berriz, salatu du “enpresak eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten” ari direla: “Lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena da. Horiek izan dira, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru alderdiok (enpresak, langileok eta Osakidetzak) onartu genituen joko-arauak, eta horien arabera jardun dugu urteetan eta urteetan. Hala ere, enpresak eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei azken urte hauetan aplikatu zaizkien baldintzak [garbitzaileei] egokitzeari eta aplikatzeari”.