Zapatuan, 11:00etan osoko bilkura hasi eta udalak eratzeko plenoetan ohi denez, lehenengo adin mahaia eratuko dute hautetsi nagusienak eta gazteenak, Soraluzeko kasuan, Ana Maiztegik eta Maite Kintanillak. Bietan nagusienak, Maiztegik, kargua hartzeko zin-egite formula irakurriko die hautetsiei banan-banan eta haiek kargua hartuko dute, zinegotzi modura.
Segidan, alkatea aukeratuko dute. Hautagaiak izango dira alderdi bakoitzaren zerrendaburuak eta horien artetik bat aukeratzeko bozketa egingo dute zinegotziek. Legeari kasu eginez, botoa sekretua izango da.
Bozketan gehiengo osoa lortzen duen hautagaiak hartuko du alkate kargua, Soraluzeren kasuan, udalbatza osatzen duten 11 zinegotzietatik seiren botoak behar dira. Ez da ezustekorik espero eta Unai Larreategik hartuko du alkate kargua zin-egite formula onartu ondoren.
Behin Udala eratuta, uztailean beste osoko bilkura bat egingo da, kasu horretan, udal batzordeak antolatu eta batzordeburuak eta Udala parte den organoetako ordezkariak izendatzeko.