Soralucek muntaia-planta berria inauguratu du gaur goizean, eguaztena, Osintxun. Inaugurazio elkitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria; Arantxa Tapia sailburua; Iker Aldazabal Soraluzeko jarduneko alkatea; Iñigo Ucin Mondragon korporazioko lehendakaria, eta, Soraluce Kooperatibako zuzendari nagusi Rafa Idigoras, besteak beste.
'Leed Gold' ziurtagiria
Muntaia-planta berriak 2.530 metro koadro ditu; horiek, Soraluceren egungo instalazioei gehituko zaizkie. Modu horretan, 30.000 metro koadrora handitu du fabrikazio-azalera osoa Bergarako kooperatibak. Planta berri hau ikuspuntu jasangarri batetik diseinatuta eta eraikita dago eta Leed Gold ziurtagiria izango du. Era berean, instalazio berriak plaka fotovoltaikoak izango ditu, Soraluceko gainerako instalazioek bezala. Eguzki-energia ekoizten du ekoizpen-plantetan instalatutako eguzki-panelen bidez; modu horretan, sareko kontsumo elektrikoa %30 murrizteko helburuarekin, eta baita CO2 emisioak ere.
Inbertsioak
Iñigo Urkullu lehendakariak inbertsioak egitearen garrantzia nabarmendu du gaurko inaugurazio ekitaldian: "Apustua egin duzue, hazten jarraitzeko egin duzue, hori balioan jartzen dugu gaur". Etengabeko hobekuntza bultzatzearen asmoa nabarmendu du Urkulluk.
Etorkizunari begira jarrita daudela esan du Lehendakariak. Hala, 2024ko ildo ekonomikoak zehaztu dituztela dio: hazkunde garaian gaudela, eta, aurten %1,6a haztea aurreikusten dutela, eta datorren urtean %2,1 haztea. Modu horretan, aurten 11.000 mila lanpostu sortuz eta 2024an 16.000 sortuz.
Ekitaldia amaitzeko, Soraluceko zuzendari nagusi Rafa Idigorasek Javier Muro eskultoreak egindako eskultura oparitu dio Urkulluri; 2022. urtean egindako eskultura da, kooperatibaren 60. urteurrena ospatzeko egindakoa.
Soraluce Summit 2023
Inaugurazioa Soraluce Summit 2023 jardunaldien barruan egin dute. Egunotan ate irekiak dituzte Soralucen; 20 herrialde ezberdinetako 300 bezero baino gehiago jaso dituzte.