Nolatan markina-xemeindarra Gipuzkoako Hiru Txirloko txapeldun?
Bai, ia berrogei urte dira azkenengoz txapela bizkaitar batek irabazi zuela. Besterik barik. Txapelketa honetan Bizkaiko jendea Gipuzkoako klubetan banatzen gaitue, ftxaje modura, eta niri aurten San Andres taldea egokitu zait. Jendea falta zuten Plazentziako taldean eta Txiki plazentziatarra laguna dudanez…
Nola joan da aurtengo txapelketa?
Ondo. Hirurogeitik gora bolari batu izan gara jardunaldi bakoitzean eta hori zenbaki polita da. Nire kasuan, hasieran anbizio handirik barik ekin nion, atsalde pasa, baina gero poliki-poliki ikusi nuen sailkapenean aurreneko postuetan mantentzen nintzela eta kontua serio hartzen hasi nintzen, kirol moduan. Azkenerako presioa sentitu dut eta estresa ere bai.
Nondik datorkizu boletarako afizioa?
Nik aititarengandik jaso nuen. Bera hil zen eta nik jarraitu egin diot.
Zerk mantenduarazten dizu boletarako afizioa?
Mantendu ez, nire afizioa gero eta gogorragoa da.
Zer ematen dizu bola munduak?
Lagun artean dena askoz errazagoa da. Boletan jokatzeak aukera ematen dit astero jende eta herri desberdinak ezagutzeko. Oso aberasgarria da. Aurten, lider moduan, pixkat galdu dut hori. Plana izaten da arratsaldea lagun artean pasatzea, askotan aurretik elkarrekin bazkalduta eta bola batzuk botatzea elkarrekin trago batzuk hartuz… Nohizbehinka izaten dira pike batzuk ere baina gure arteko giroa oso ona da, denok konpontzen gara ondo.
Gainerakoan osasunez zela dago bola-jokoa?
Gorantza doa Bizkaian eta Gipuzkoan eta Araban ere bai. Boletan gertatu da ia berrogei urteko belaunaldi arteko salto bat. Bola-jokoa praktikamente galtzera zijoan kirol bat zen, oso jende edadetuak jokatzen zuena baina lan handia egin da eta horri esker orain gorantza doa. Esaterako, bolatoki bat zabaldu berri dute Berritxun, Aretxabaleta eta Eskoriatza partean taldea sortu dute (Uda) eta handik oso jende potentea etorri da. Araban ere taldea sortzekotan dira, Aramaion... Ahalegina egin behar dugu gazteria erakartzen jarraitzeko.
Emakumezkoak ere gero eta gehiago dira, ezta?
Bai. Duela urte batzuk arte, emakume bakarra izaten zen edo zero. Orain, ostera, gazteak sartzearekin batera, emakumeen presentzia asko igo da eta hamar bat emakume batzen dira. Oraintsu arte, Gipuzkoako bolatokietan jokatzeko modua gogorragoa zen, oinarritzen zen gehiago indar fisikoan baina orain Araban eta Bizkaian bolatoki suabeagoak dira eta Gipuzkoan ere bai, gero eta gehiago.
Hiru txirlo modalitatea non jokatzen da?
Euskal Herrian hamairu bola-joko modalitate daude eta hiru txirloena jokatzen da batez ere, Deba bailaran, Urola bailarako herri batzuetan, Azkoitian eta Azpeitian eta Gipuzkoarekin muga egiten duten Bizkaiko herri batzuetan, Berritxun hasi eta Elorrixora bitartean. Gipuzkoan bederatzi klub daude, zuzendaritza batean biltzen dira eta klub bakoitzak bere herriko jaurtialdia antolatzen du. Bizkaian klub bakarra dago Markinan eta markinarrok antolatzen dugu Bizkaiko txapelketa eta jaurtialdi guztiak. Normalean, Bizkaian, jaurtialdiak jaiekin batera antolatzen ditugu. Euskal Herrikoa denok elkarrekin antolatzen dugu udazkenean eta laster, beharbada Arabako txapelketa ere antolatuko dugu.