Barikuko batzarrean, BPTDko presidente kargua hartu berria den Iñigo Perez Arregik nabarmendu zuen Debabarrenak “beharrezko zumeak" dituela BPTD elkartearen bidez "ekintza garrantzitsuak" egin ahal izateko. "Debabarrenak enpresa-sare sendoa du, puntako ikastetxeak, erreferentziazko zentro teknologikoak… eta ahalik eta gehien aprobetxatu behar ditugu”, azpimarratu zuen.
Ezagutza-transmisioa eta beste
Batzarrean, ekintzailetzan jarri zuten fokua, gogora ekarriz Debabarrena betidanik pertsona eta enpresa ekintzaileez osatutako lurraldea izan dela.
Cristina Zumeta elkarteko Idazkaritza Teknikoko arduradunaren esanetan, “pertsona horiek negozio-ideiak hautematen jakin dute, eta beraien proiektuak aurrera eramateko beharrezko laguntzak bilatu dituzte. Laguntza horien artean, ezagutza-transmisioan, kontaktu-sarean eta abarretan oinarrituta negozio berriak sortzen lagundu duten pertsonen sarea nabarmentzen da. Azken finean, askotan beren proiektuak abian jarri nahi zituzten pertsonekin modu altruistan lan egin duten pertsonak izan dira".
Zentzu horretan, BPTD elkarteak aurrerapauso bat eman nahi du, “eta distrituan hain emaitza onak eman dituen ekintzaileei laguntzeko sare hori berreskuratuko du”.
Ildo horretatik, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren MAKE IN! programan parte hartu dutenen proiektu ekintzaileak aurkeztu zituzten, eta programan parte hartu duten bi lagunek bnorbere esperientzia kontatu zuten. Gauza bera egin zuten Eibarko ikastetxeetan eta Mondragon Unibertsitatean ikasitako beste bi lagunek. Ildo horretan enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetzari buruz hitz egin zen, talentua garatzeko eta erakartzeko erreminta gisa.
Lurralde mugarik gabe
Bestalde, Lehendakariak nabarmendu zuen, BPTD Elkartea “lurralde-mugarik gabeko” enpresa-indar
gisa sortu zela, eta, hilabeteoan lehen harremanak izan dituztela beste elkarte batzuekin, hala nola Armeria Eskola, Enpresare, Bailara eta Goierri Valleyrekin.
Urteko batzarra EHUko Eibarko ataleko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eta Uni Eibar-Ermuako instalakuntzetan egin zuten bilera.