Atzo, Soraluzeko Pilota Elkarteko Ibon Ibarra eta Mikel Caramanzana jubenilek jokatu zuten aurrenengo partida, Bergarako bikotearen kontra, 18:30ean hasita.
Hasieran, pareko samar ibili ziren bi bikoteak, seina, zazpina eta baita bederatzina berdinduta ere. Baina, 11. tantotik aurrera, Soraluzeko elkarteko gazteak gailentzen hasi ziren, poliki, baina seguru, puntuak batuz. Azkenean, 22-14 eginda irabazi zieten norgehiagoka bergararrei eta horri esker, finalerako txartela lortu zuten. Finala, justu, atzoko bikote berberaren kontra jokatuko dute, Bergaran.
Tanto eder askoak
Nagusiei dagokienez, berriz, 19:30ean hasi zen partida. Kasu horretan, nabarmenagoa izan zen Soraluzeko eta Elgoibarko bikoteen arteko aldea. 11-2ko aldea atera zieten etxekoek elgoibartarrei, partida hasi eta 10 minutuan.
Hortik aurrera, nekez ibili ziren elgoibartarrak edo bestela esanda, erabateko nagusitasuna erakutsi zuten etxekoek, eta, partida 22-6 amaitu zen. Aldeak alde, baina, tanto ederrak oparitu zituzten pilotariek, batik bat, Atxotegik. Hark esandakoaren arabera, “gustura” geratu ziren, “tanto onak irten ziren eta biok ondo, eskuak ondo eta gustura”.
Hartara, nagusiek ere lortu dute Debarroko Txapelketako finalerako txartela. Oraindik ez dakite zein izango duten aurkari, Bergara edo Aretxabaleta, bi herri horietako pilotariek finalerdia jokatzeko baitute oraindik. Kontuak kontu, ekainaren 18an jokatuko dute finala nagusiek ere, Bergaran.