Batzuk bezperan ailegatu ziren Soraluzera; beste batzuk atzo goizean goiz etxetik irtenda iritsi ziren. Guztiek bat egin zuten Ezoziko futbol zelaian eta 10:30etik 14:00ak ingurura arte, errugbi-zaleen erreinu bihurtu zen futbol zelaia.
Zelaia bitan zatitu, eta, batean zein bestean, errugbi partidak jokatzen jardun zuten. Atseden hartzen zeuden jokalariek, berriz, errugbi jolasak, taktikak eta bestelakoak praktikatzeko aprobetxatu zuten, inguruan zituzten adituek lagunduta.
Domina eta guzti etxera
Eibarko, Ordiziako, Zarauzko, Nerbioiko, Mutrikuko, Arrasateko, Camargoko (Kantabria) eta Oviedoko (Asturias) ekipoak zein jokalariak izan ziren Soraluzen bisitari, eta, elkarren arteko lagun eginda bukatu zuten eguna.
Jardunaldiari amaiera borobila emateko, dominak zein diplomak oparitu zizkieten partaide guztiei eta ondo merezitako jatordua ere eman zieten.