Hauteskundeetako hautets-mahaien osaketa kezka-iturri izan ohi da herritar askorentzat, egun horretan lan egin behar izanarengatik. Bada oraingoan, areagotu egin da kezka hori, hauteskundeak egiteko ezarritako data dela-eta: uztailaren 23a.
Soraluzeren kasuan, uztailaren 24an, astelehena, hasiko dira herriko jai nagusiak. Baina, jai-bezperako egunetan ere egongo da zer-aukeratu eta zer-egin Soraluzen.
Beste askok, berriz, oporraldia hartu ohi dute herriko jaiegunen bueltan eta oporrak izan barik ere, martitzeneko Santiago eguna tarteko, gehienek jai dute barikuan hasi eta eguaztenera arte.
Hiru arrazoiak tarteko, herritar askorendako domekan lan egin beharra eragozpen handia izango da.
45 herritarren zozketa
Ohi denez, Soraluzeren kasuan, 45 herritarri tokatuko zaio hauteslekua osatzen duten bost hautets-mahaietan egotea. Oraingo honetan, ekainaren 24tik 28ra bitarteko astean egingo dute zozketa hori eta ondoren, betiko moduan, udaltzainen bitartez helaraziko zaie haiei jakinarazpena, zuzenean.
Uztailaren 19ra arte postaz
Posta bidezko botoari dagokionez, berriz, zabalik da berau eskatzeko epea, uztailaren 13ra arte. Correoseko bulegoetan presentzialki edo online eska daiteke, hemen klikatuta. Online eskatuz gero, eskatzaileak ziurtagiri digitala edo nortasun agiri digitala izan beharko ditu tramitea egiteko.
Correosen, berriz, hango langileari jatorrizko nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko zaio.
Botoa eskatuta, uztailaren 19ra arte izango da postaz bozkatzeko aukera.