Zapatu goizean, 33 gaztek parte hartuko dute Tria-Tolon lagunarteko triatloian, Mutrikun. Hirunako taldetan antolatu dira eta taldeko kide bakoitzak zozketaz egokitu zaion kirol proba egin beharko du.
Tria-Tolon 10:30ean hasiko da; lehenengo, itsasoan 300 metro egingo dituzte igerian, gero bizikletan 6 bat kilometro eta azkenik, korrika beste 3 kilometro egingo dituzte; antolatzaileen esanetan, 11:15ak alderako bukatuta izango dute kirol proba. Guztia zaintzen, bi epailek jardungo dute, batak itsasoan eta besteak bizikletan.
104 euro, momentuz
Kirol probez gainera, Tria-Tolon ekimenaren bueltan, bestelakoak ere antolatu dituzte. Adibidez, asteotan, porra abiarazi dute Bolian. 2 euroren truke, Tria-Tolon triatloiko podiuma osatuko duten lehen hiru taldeak gehi azkena asmatu behar dira.
Irabazleak porrako diru guztia eskuratuko du opari eta edozein herritarrek egin dezake bere apustua. Momentuz, 104 euro daude jokoan.
Horrez aparte, asteotan, entrenamenduak egiten ari dira ekimeneko partaideak, batzuk, ezkutuan, beste taldeetakoek ikus ez ditzaten.
Eta iaz, adibidez, Txurrukatik jaitsi ondoren, triatloiko irabazleak udaletxeko balkoira igo ziren, garaikur moduan erabiltzen duten entsaladera eta guzti, lagunak zubian irabazleak goraipatzen zituzten bitartean.
Pandemia garaian asmatu zuen Tria-Tolon triatloia gazte kuadrila horrek, “zerbait egitearren” eta aurten hirugarren aldiz egingo dute.