Domekan, Errugbi Eguna

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 31a, 09:36

Ekainaren 4an, goiz osoko jarduna izango da Ezoziko futbol zelaian, 10:30ean hasi eta 14:00ak artekoa. 10-12 urtez azpiko errugbi jokalariek parte hartuko dute topaketan. Ingurukoen artean, Eibar Rugby Taldea, Mutriku Rugby Taldea, Ordizia Rugby, Zarautz Beltzak Rugby Taldea eta Amurrioko ordezkaritza izango da. Haiekin batera, urrunagotik etorriko diren taldeak ere izango dira. Kantabriako lau taldek parte hartuko dute topaketan, Camargok, Sotilezak, Besayak eta Miengok, baita Asturiasko Real Oviedo Rugby taldeak ere.

Soragaztea Rugby Klubetik laguntzeko prestutasun hori nabarmendu nahi izan dute. "Oso garrantzitsua da beste erkidego batzuetako taldeak prest egotea herri txiki bati laguntzeko. Errugbian berdin da Eibar zein Oviedo; eskua altxa eta hor daude, laguntzeko prest. Horrek harrituta nauka: nork pentsatuko luke Oviedora deitu eta berehala prest egongo zirenik gure proiektuari bultzada emateko", dio Enekoitz Igartuak. 

Eskerrak denei

Halaber, Soragaztea Rugby Klubeko ordezkari Igartuak eskerrak helarazi nahi dizkie Errugbi Egunaren bueltan laguntasuna eskaini dizkieten komertzio, taberna eta herritar guztiei. Eta noski, guztiak gonbidatu nahi ditu ekaineko Errugbi Egunera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.