OSOKO BILKURA

Agurra eta eskerron berbak, agintaldiko azkeneko osokoan

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 25a, 12:02

Atzoko osoko bilkuran, agintaldiko azkena izanik, oroitzapenerako argazkia atera zuen udalbatzarrak. Iker Aldazabal alkateak udaletxeko pina eman zien zinegotzi berrienei eta besteak beste, Roke Akizuk, 16 urtez zinegotzi lanetan ibili ondoren, azken agurra egin zuen, domekako hauteskundeetan ez baita EHBilduren zerrendetan hautagai izango. 

Roke Akizu zinegotziari dagokionez, atzokoa azken osoko bilkura izan zuen eta hainbat aipamen egin zituen agur mezuan. 

'La Pasionaria' Soraluzen

Batetik, ume zela bere aitaitak kontatutako pasadizo bat partekatu zuen udalbatzarreko kideekin. Kontatu zuen, behin, Dolores Ibarruri La Pasionaria Soraluzen izan zela. Eta bere mitina egin zuela ia-ia sakratua zen Kontzejuak mahaira igota. Hori, Akizuren aitaitarendako inpaktu handikoa izan zen, batetik Kontzejuak egiteko mahaira igo zelako eta bestetik, gainera, emakumezkoa zelako. Garai hartako askorendako pentsaezina zen hori eta Akizuren aitaitak esaten omen zuen adore edo kemen handia behar zela halako zerbait egiteko.

Alderdikideak gogoan

Bestetik, atzera begiratua eginez, Akizuk azpimarratu nahi izan zuen oso nabarmen aldatu dela politikako eta politikarien arteko giroa. Orain dela hogeitaka urte zegoen tentsioak ez daukala zerikusirik gaur egun dagoen giroarekin. Aurrera begiratua eginez, berriz, azpimarratu zuen oso gai potenteak daudela agendan, eolikoak, hondakinen kudeaketa, prezioen igoera… Gaineratu zuen oso arduratuta dagoela oraingo egoerarekin eta borrokatzen segitu beharra dagoela berretsi zuen, esanez, baita ere, badatozela atzetik belaunaldi berriak: “Borrokatzen badugu lortuko dugu zerbait ona, ekin egin behar diogu eta ez despistatu”. 

Horrekin batera, taldekideei -“ekipo teknikoari”, ironiaz- eskerrak eman zizkien urte hauetan guztietan bere ondoan izatearren eta bereziki gogoan izan zituen Maite Narbaiza eta Mikel Santiago alderdikideak. 

Aldarte hobea

Testuinguru horretan, Iker Aldazabal alkateak ere eman nahi izan zituen eskerrak: “Eztabaida gogorrak izan ditugu, bronkak ere bai baina azken agintaldian beste partsimonia batekin, beste era batera ibili gara”.  

Horrekin batera, alkatea zinegotzi guztiei zuzendu zitzaien esanez, asko baloratzen duela herriaren alde lau urtez lan egiteko hartutako konpromisoa eta ematen den pausoa, norbere bizitzari eta familiari orduak kenduta, are gehiago, gaur egungo gizarte indibidual honetan. Azkenik, agintaldi honetan zinegotzi berriak izan direnei udaletxearen pina eman zien opari.  

Osoko bilkura amaitu ondoren, elkarrekin atera zuten oroitzapenerako argazkia.