OSOKO BILKURA

Ezozibidea Berritzen proiektuarekin lotutako dirulaguntzak onartu dira

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 25a, 10:58

Ezozibideko etxabizitzak.

Atzo, udalbatzarrak Ezozibidea Berritzen egitasmoarekin lotutako hiru puntu onartu zituen aho batez, guztiak ere, ekonomikoak eta tramite burokratikoekin lotura dutenak. Labur esanda, batetik, Eusko Jaurlaritzatik Soraluzera bideratutako 5.800.000 euroko partida gehigarriari bide ematea onartu zuten. Bestetik, partida hori bideratzeko Udalaren dirulaguntzen plan estrategikoa aldatzea onartu zuten eta hirugarrenik, Ezozibideko 16-34ko komunitateei zuzendutako dirulaguntzen oinarriak onartu zituzten. 

Atzoko osoko bilkuran esplikatutakoaren arabera, Ezozibideko 16. ataritik 34. atarira bitarteko etxeendako inguratzaile termikoa ezartzeko eta etxe horien irisgarritasuna bermatzeko dirulaguntzak izango dira proposamena onartzen duten komunitateendako. Bada, dirulaguntza horiek eskatzeko oinarriak onartu zituzten atzoko batzarrean.

Emandako xehetasunen arabera, Kalebarren 8ko zaharberritutako lokalean ari dira Ezozibideko bizilagunekin bilerak egiten eta bertan dagoen Gertutasun Bulegoan ematen ari dira beharrezko azalpenak eta aholkularitza, tramiteak bideratzen laguntzeko. 

Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzak 5.800.000 euroko partida bideratuko duela Soraluzera, Ezozibidea Berritzen proiekturako zein SAPAko lehen pabiloian Kainoiak izena hartuko duen estalitako gune bat sortzeko. 

Ezozibidea Berritzen proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren partidaren berri eman zutenean, iragarri zuten eraberritzeetarako laguntzak kostuen %70etik %100era bitartekoak izango direla.