Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako txostenean, besteak beste, “alarguntzako eta erretiroko kotizaziopeko gutxieneko pentsioak 1080 euroraino osatzeko defentsa” egin zuten. Datuak ere helarazi zizkieten talde parlamentarioei, esanez, 1.080 euroko pentsioa osatzeko zenbatekoa 230 milioi euro inguru litzatekeela EAEn eta 60 milioi eurokoa Nafarroan. Bestela esanda, aurrekontuen %2 inguru.
Bestalde, atzo, Gasteizerako oinezko martxak abiatu ziren. Lurraldeari dagokionez, Gipuzkoako zutabea Bergaratik irten zen eguerdian eta gauza bera egin zuten Bizkaiko zutabeak Bilbotik eta Arabakoak Aguraindik. Argazkian, Bergaratik abiatu zena.
Hiru zutabeek maiatzaren 25ean bat egingo dute Gasteizen eta manifestazioa egingo dute bertan. Oinez joan direnei babesa eman eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa batera aldarrikatzeko, autobusak antolatu dituzte, Gipuzkoatik sei. Joan nahi duenak Txarori eman behar dio izena.