SORA GORENGO MAILARA

Txalo eta kantu artean ospatu zuten Sorako Erregionalaren eta Kadeteen igoera

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 21a, 09:02

Atzo, zapatua, ondo merezitako ongi-etorri beroa egin zieten Sorako Erregionalei zein Kadeteei, biek ala biek goragoko mailetara igotzeko txartela lortu baitzuten. Zubi Nagusia herritarrez beteta zela, Sorako kadeteak igo ziren lehenengo udaletxeko balkoira eta herritarren eta ekipokideen txalo eta kantu artean ospatu zuten igoera. Haien ondoren irten ziren nagusiak udaletxeko balkoira eta areagotu egin ziren oihuak eta kantuak.

Atzo arratsaldean, Sorako Erregional mailako taldeak berdindu egin zuen Zumaiakoren kontrako norgehiagoka. Bana egin zuten Zumaian. Han batutako puntuari esker, Zumaiakok matematikoki lortu zuen igoerarako txartela, baina Soraren kasuan, egoera ez zegoen argi, beste ekipoen eta bestelako mailetako ekipoen mende baitzegoen igoera.

Zaleak bueltako autobusean zetozela, autobuseko mikrofonotik konfirmatu zuen Sorako presidente Alberto Goenagak baietz, datorren denboraldian Sora Gorengo mailara igoko zela. Zoramena izan zen hura.

Hortik aurrera, autobusean lehenengo eta Zubi Nagusian gero, kantuak, txaloak eta ospakizuna gailendu ziren.

Aurrenengo, Kadeteen lorpena ospatu zuten. Eguerdian Kadeteek 1-4 irabazi zioten Tolosari eta horrek txartela ematen die datorren denboraldian mailaz igotzeko. Arratsaldeko ekitaldian gazteek txalo zaparrada jaso zuten.

Ondoren, Erregionalak irten ziren balkoira eta haiek herritarrak, lagunak (Manex Dominguez) eta taldekideak izan zituzten gogoan eskerron mezuetan. Balkoitik jaistean, zubian zeuden zaleek pasilloa egin zieten jokalariei.