Natur eta landa gunean eraiki nahi diren azpiegitura erraldoiak salatzeko manifestazioa

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 17a, 18:48

Zapatu honetan, Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik leloa duen manifestazio nazionala izango da Gasteizen. Haren bitartez, salatu nahi dira azkenaldian natur guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura erraldoiak, tartean baita Karakaten eraiki nahi duten zentral eolikoa ere. Soraluzeko zein Elgoibarko Karakate Bizirik plataformak dei egin du bertaratzeko eta autobusa antolatu dute horretarako. Bihar, eguena, da izena emateko azkeneko eguna, Bolian, Arranon edo Iratxon.

Zapatuan, 18:00etan abiatuko da manifestazioa, Gasteizko San Anton Plazatik. Baina haren bueltan, eguerditik aurrerako egitaraua prestatu dute. Honakoa da egitaraua:

Burullerias Plazan:

  • 13:00etan Miren Narbaida
  • 14:00etan Yokerendan anterkia
  • 14:30ean, Pineapple Sweets DJak
  • 15:30ean Ipuin saioa, Arabazan elkartearen eskutik

Kutxi kalean:

  • 16:00etan poteoa, Goizerdi txistulariekin.

Manifestua, osorik

Oro har, honako mezua defendatuko da zapatuan: Euskal Herriko mendiak, natur guneak, landa eta kostako inguruneak ez direla kapitalak konkistatzeko guneak. 

Protestarako deialdia deitzeko manifestua, berriz, honako hauxe da, osorik: 

Azkenaldi honetan natur guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara. Guztiz kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriroere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko.

Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei dagozkien banaketa-lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direnak.
Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza-lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea ekarriz.

Guzti honen asmo argia ikusten dugu: landa eremua eta bertako bizimodua apurka-apurka desegitea, gure mantenuaren oinarri diren komunitate txikiak eta baserriak desagertaraziz.

Politikari askok, enpresa handiek ezarritako ibilbide berbera eginez, industrializazio proiektu handiaren aldean ingurune horien garrantzia eskasa dela diote eta ezkutatzen digute enpresa horiek direla, hain zuzen ere, politika suntsigarri horren onuradun bakarrak.

Horrela diru publikoa patrika pribatuetara desbideratzen dute. Halaxe xahutu da eta oraindik xahutzen ari da horrenbeste diru AHT-an, erraustegietan eta zabortegi industrialetan. Halaber, kostako eremuetan gertatzen ari diren txikizioak direla eta (kirol-portuak, dike berriak, kostaldearen artifizializazioa, e.a.) denon aisialdirako tokiak eta ingurune natural izugarriak harri eta porlan azpian betiko galtzen ari gara. Kostaldeko herriak bere xarma galtzen, promotore eta inmobiliarien etekinak esponentzialki igotzeko. Hau ez da lapurreta ekonomikoa bakarrik; proiektu horiek pertsonen osasunari ere egiten diote kalte.

Hori gutxi ez eta Administrazioak lagundu egiten du, legeria korporazio handi horien interesetara egokituz, eta baliabide publikoak eta espazio komunalak jartzen ditu haien esku. Horren adibide dira Tapia Legea eta Nafarroako homologoa. Udalei eta kontzejuei beren lurraldeen gaineko erabakiak hartzeko aukera kentzen diete, eta haien subiranotasuna urratzen dute.

“Trantsizio energetikoa” edo “deskarbonizazioa” bezalako terminoek beren esanahia galtzen dute gaur egungo krisi eko-soziala eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean. Jatorri fosileko energiaren ordez energia berriztagarria erabil daitekeela argudiatzen dute, inork beren merkatu-esparru berria zalantzan jar ez dezan.
Merkatuaren logikak produktuen eta energiaren kontsumo neurrigabe eta zorora bultzatzen gaitu. Horren ondorio zuzena da transgenikoen  inposizioa, zeintzuk mendekotasun berriak sortzen dituzten eta gure haziak askatasunez ereiteko gaitasuna kentzen diguten.

Lur emankorren erabilera aldatzea eta baserri eta etxalde txikiak baztertzea haiekin espekulatzeko, eraso zuzena da elikadura subiranotasunaren aurka; baserri eta etxalde txikietako ustiatze ereduaren desagertzea oso hurbil dugu.

Historian zehar, landa eremuek politika desarrollisten mende jarri behar izan dituzte beren ondarea eta jakintza. Horren truke, bazterketa latza jasan dute, nahita ezarria eta programatua.

Natur ingurunea eta laborantza lurrak mantentzea ezinbestekoa da bizitza bermatzeko. Horiek hondatzen baditugu, atzera-bueltarik gabeko ondorioak izango dituzte ekosistema naturalek, landa-eremuko ekosistemek, eta baita ekosistema sozialek ere.

Ez dugu onartuko kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema berregituratzea aurreikusten ez duen politikarik; produkzio sistema ondasun komunala hobetzera bideratu behar da.

Horregatik, natura benetan babestuko duen politika bat eskatzen dugu, gure habitata babestea, inbertitzaileen diru goseari men egin gabe; energia eskuratzeko aukera unibertsala ekarriko duen politika, pertsonen beharrei erantzungo dien eredu deszentralizatu eta tokikoan oinarritua.

Erabakiak pertsonengan jarriko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren interesetan oinarritutakoak: garraio sistema sozial bat garatzea bultzatuko duten politikak, eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza eredua bultzatuko duten politikak, energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituzten politikak. Azken batean, natur-ondarea, arkeologia-ondarea, gizarte-ondarea eta kultura-ondarea kaltetuko ez dituen eredua behar dugu.

Euskal Herriko mendiak, natur guneak, landa eta kostako inguruneak ez dira kapitalak konkistatzeko guneak!
EUSKAL HERRIA BIZIRIK!