Eskualdeko ikastetxeek ikasturtean Zientziaren eta Teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu We Make Debabarrena! STEAM erronkak. Antolatzaileen esanetan, ekimenaren helburua da ikasle eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta STEAM hezkuntzan balioan jartzea. Maiatzaren 15etik hilaren 26ra bitartean egongo da zabalik erronka.
Iaz bezalaxe, bi irizpide erabiliko dira irabazlea aukeratzeko, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du sariaren azken puntuazioan. Alde batetik, bideoen ikustaldiak zenbatuko dira eta, bestetik, epaimahai batek hautatuko ditu kategoria bakoitzeko irabazleak, irizpide zehatz batzuk kontuan hartuta. BPTDrekin eta STEAM bokazioarekin (Basque Precisión Technology District) lotutako sei erakunde eta enpresatako pertsonek osatzen dute epaimahaia.
Orotara 27 esperimentu daude ikusgai, guztiak ere eskualdeko ondoko ikastetxeetan eginak: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola, Amaña LH, Arrateko Andra Mari, Samila Mutriku, eta Eibarko La Salle Azitain eskola. Hiru kategoriatan sailkatu da erronka (LH4, LH5-6 eta DBH1-4) eta bideoak honako estekan ikus daitezke.
Ekainaren 26ra artean (15:00ak baino lehen) izandako ikustaldiak hartuko dira kontuan eta, orduan, epaimahaiaren balorazioarekin bateratuko dira, irabazleak aukeratzeko. Maila-tarte bakoitzeko talde irabazleak bi sari izango ditu aukeran: Euskal Kostaldeko Geoparkearen bisita gidatuaren eskaintzetako irteera bat aukeran edo 500 euroko erosketa-bonoa eskualdeko elektronika denda batean STEAM eskolako materiala erosteko (biak dira talde osoarentzat).
Erronkari itxiera emateko ekitaldi presentziala ekainaren 2an egingo da, 11:00etan, Elgoibarren (Aita Agirren). Bertan erronkako sariak banatuko dituzte eta magia ikuskizun batez gozatzeko aukera ere izango da, Alain Zulaika Niala Magoaren eskutik.
BPTD Makers proiektua
Eustaten arabera, EAEn, lau urtean, % 17 ikasle gutxiago matrikulatu dira STEAM ikasketetan. Lanbide Heziketatik eta unibertsitatetik irtendako ikasleen % 39 dira, hain zuzen, alor horietan titulatutakoak. Errealitate hori are nabarmenagoa da emakumeen kasuan: STEAM adarrak aukeratzen dituzten ikasle neskak sartu berrien % 9 baino ez dira Lanbide Heziketan, eta unibertsitatean, % 31.
Debegesaren esanetan, “gazteak eta batez ere neskak STEAM bokazioetara erakartzeko gero eta ekimen gehiago jarri dira abian, bai eskola-eremuan, bai handik kanpo. Horren adibide da Debegesa Garapen Agentziak orain dela pare bat urte abian jarri zuen BPTD Makers proiektua bera, eskualdean teknologia eta zientzia arloan egiten diren jarduerak eskualde mailan ezagutu eta ikusarazteko helburua duena. Gainera, ikastetxeetan ere eguneroko jardueran gero eta ekintza gehiago egiten dira STEAM hezkuntzan”.