Jokin Muñoz txapeldun Martin Fiz maratoian

Erredakzioa 2023ko mai. 14a, 16:39

Lesio bat tarteko urtebetez lasterketetatik erretiratuta egon ondoren, gaur, domeka, Gasteizko Martin Fiz Maratoia irabazi du Jokin Muñozek. 2:24:50 denbora egin du, lasterketan parte hartu duten 391 korrikalarien artean onena. “Egunero" berarekin dauden familiari eta lagunei dedikatu die garaipena soraluzetarrak. Haiek, berriz, ongi-etorri beroa egin diote herrira ailegatu denean. Argazkiak: Irati Iñurrieta.

Jokin Muñozek gaur izan du lehen lasterketa, lesio bat izan eta errekuperazioarekin urtebetez lehiatu barik egon ondoren. Eta estreinaldi “borobila” izan du, haren familiakoek esan duten moduan. Soraluzen bizi den mendaroarra lehenengo helmugaratu da Gasteizko Martin Fiz Maratoian, 42 kilometroak 2:24:50ean eginez. Minutu bat eta zazpi segundu atera dizkio bigarrenari.

Muñozek ez zuen espero gaurko lasterketa irabazterik eta pozik ospatu du garaipena senide eta lagunekin. Hain justu, haiei dedikatu die gaurko garaipena, “beti ondoan” dituen horiei “eskertzeko asko” duela adieraziz eta esanez eurak gabe ez litzatekeela posible izango. Familia, lagunak eta jarraitzaile sutsua zuen Mikel Iñurrieta aitaginarreba izan ditu gogoan Jokin Muñozek. Eta haiek herrian zain zituen, ezustekoa emateko gertu, Muñozen garajean ezkutuan, kartel koloretsu eta guzti ongi-etorri ezin beroagoa eginez.