Gaur arratsaldean, emozioz betetako partida bizi izan da Ezoziko futbol zelaian. Asko zegoen jokoan eta soraluzetarrek gogotik erantzun diote taldeak egindako laguntza eskaerari. Hala, harmailak eta inguru guztia ikuslez beteta zela zelairatu dira Sora eta Zestoa.
Eskerrik asko, 'Bosko'
Norgehiagoka hasi baino lehen, ikusleen artean, Sorakoek taldekide duten Boskoren omenezko pankarta zabaldu dute, Sorako jokalariak futbolari lagako dio eta hark emandakoa eskertu nahi izan diote modu horretan.
Ondoren, ikusle guztien kirioak dantzan izan dituen partidari ekin diote. Lehen zati ia guztia Sorarena izan da. Zestoaren arearen bertan eragin dute presioa hasieratik eta behin eta berriro ahalegindu dira haien atea zulatzen; aukerak izan dituzte, baina ezin gola sartu. Zerona berdinduta erretiratu dira aldageletara.
Tentsio nabaria
Bigarren zatian, berriz, partida erabat aldrebestu da. Tentsioa nabaria zen bi taldeko jokalarien artean eta ikusleen artean. Horren erakusle, 63. minutuan, Sorako entrenatzaile Toñinek txartel gorria ikusi du eta erretiratu egin behar izan da. Hala ere, gol-aukera garbiak izan dituzte bi ekipoek, Soraren erremate batek, adibidez, langan jo du.
Azkenean, puntu bana eskuratuta bukatu da partida. Bihar, domeka, argituko da zein postutan izango den Sora Igoera faseko azken partidari aurre egiteko. Bihar jokatuko du Zumaiakok eta haren emaitzak baldintzatuko ditu sailkapeneko lehen postuak.