Gaurko hitzorduari dagokionez, 18:00etatik 19:30ak arte izango dira Zubi Nagusian boxeo entrenamendua egiten. Soraboxeko arduradun Ixa Rodriguezekin boxeo eskolak ematen dituztenak gehi zapatuko jaialdian parte hartuko duten boxeolariak izango dira bertan.
Borroka parekatuak
Zapatuko jaialdiari dagokionez, berriz, dagoeneko 200 sarrera saldu dituzte Araneko frontoiko ringean izango diren bederatzi borrokaldiak ikusteko eta beste 100 saltzea espero dituzte. Sarrerak salgai daude 15 euroan aldez aurretik (kiroldegian edo 676 86 69 22 telefonoan) edo 20 euroan egunean bertan, kiroldegiko takillan.
17:30ean zabalduko dituzte kiroldegiko ateak eta 18:00etan hasiko dira borrokaldiak. Ringean, honako borrokak izango dira: Josu Rodriguez (Sorabox)/Alisson Gomez; Yassin Bouchar (Sorabox)/Cristian Bola; Ibon Munietandikoetxea (Sorabox)/Cesar Estefania; Andoni Kortabarria (Sorabox)/ Fabrizio Roca eta Antton Vazquez (Sorabox)/Ohian Goñi.
Boxeo jaialdiaren antolatzaile den Ixa Rodriguezek esandakoaren arabera, borrokalari guztiak dira Gipuzkoako txapeldunak maila batean edo bestean eta borrokak oso parekatuak izango dira.
Bestalde, Soraluzeko boxeolariak iragarri du Sorabox handitzen ari dela eta horren adibidez, datorren ekainaren 16an Hernanin antolatuko dutela boxeo jaialdia, bertako udalak aukera emanda.