Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) gutun bana bidali die Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiari eta Arartekoari, eskatuz, pentsiodun guztiei jakinaraz diezaietela Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan (RGI) aitortzen den pentsio-osagarria jaso dezaketela baldintzak betetzen dituztenek.
EHPM-aren esanetan, Etxebizitza Sailak egiten du hori etxebizitzarako eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak betetzen dituzten herritarrekin eta uste dute Administrazioak gauza bera egin beharko zukeela pentsio-osagarria jasotzeko eskubidea dutenekin.
Osasun publikoaren aldeko manifestazioak
Bestalde, gaurko elkarretaratzean jakinarazi dutenez, apirilaren 22an manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, “osasun publiko unibertsal, doako eta kalitatezkoaren alde eta Osakidetzaren eraispenaren aurka”.
Besteak beste, mobilizazioen bitartez salatuko dituzte familia mediku “asko” falta direla, “Lehen Mailako Arretaren degradazio gero eta handiagoari aurre” egin beharra dagoela, “itxaronaldiak gero eta luzeagoak” direla, gaixoak artatzeko “denborak ez direla nahikoak”, “etengabeko arreta guneetako itxierak”; osasun-zentroetako “ordutegi-murrizketak” eta gero eta maizago erizainak direla medikuen lanak betetzen dituztenak.
Dei egin diete “Urkulluren gobernuari, EAJri eta PSEri azken urteotan aplikatzen ari diren murrizketa- eta pribatizazio-politikak gelditzeko”. Halaber, dei egin diete pentsiodunei mobilizazioetan parte hartzeko, EHPMak bat egiten baitu, “bereziki, adinekoentzat oso garrantzitsuak diren helburu horiekin”.
Gipuzkoako kasuan, manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Bulebarretik.
1.080 euro 14 ordainsaritan
Azkenik, azpimarratu dute “beharrezkotzat eta ezinbestekotzat” jotzen dituztela 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldeko mobilizazioarekin jarraitzea. Eta adierazi dute maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak aukera modura ikusten dituztela Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari pentsioak osa ditzaten eskatzeko.