Errugbia

Bihar, Txingudi Badia I. Nazioarteko Rugby Txapelketara

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 14a, 17:03

Bihar, zapatua, Soraluzeko Rugby Kluba Irunera joango da, bertako rugby taldeak gonbidatuta, Txingudi Badia Rugby Topaketan parte hartzera. Baztango rugby taldearekin taldea osatu eta 10 urtez azpikoak lehiatuko dira lehen orduan eta 12 urtez azpikoak, berriz, eguerdi partean. Bestalde, ekainaren 4an Errugbi Eguna izango da Soraluzen. Eta ekainaren 17an Camargora joango dira (Kantabria).

Bihar, Euskal Herriko errugbi jokalariak ez ezik (Nafarroa eta Lapurdi barne), Galiziakoak, Kantabriakoak eta Errioxakoak ere izango dira Irungo topaketan, nesken zein mutilen taldeak.

Soraluzetarren kasuan, Nafarroako Baztango errugbi klubarekin batera osatu dute Txingudi Badia I. Nazioarteko Torneoan lehiatuko den taldea eta 12 partida jokatuko dituzte. 

Txapelketa 10:30ean hasiko da eta 14:30ak inguruan bukatuko da. Ondoren, zelan ez, hirugarren denboran elkartuko dira klub guztiak.

Soragazteak Rugby Klubeko arduradun Enekoitz Igartuak esplikatu duenez, Txingudiko errugbi taldekoek aspalditik dute Soraluzeko proiektuaren berri Wikipediaren bitartez, eta, harrezkero demaseko harreman ona dute bi taldeek. Hortik iritsi zaie soraluzetarrei biharko gonbidapena.

Bestalde, Soraluzeko rugby taldeak iragarri du aurten ere izango dela Errugbi Eguna Soraluzen. Ekainaren 4an izango da eta dagoeneko konfirmatu dute bertan izango  direla, Eibarko, Mutrikuko, Zarautzeko eta Ordiziako errugbilariak eta Kantabriako lau errugbi talde. Topaketa osotu ahala helaraziko dituzte xehetasun gehiago.

Horrez aparte, jakinarazi dute bestelako topaketa batzuetara joateko gonbidapenak ere jaso dituztela eta besteak beste, ekainaren 17an Camargora (Kantabria) joango dela Soraluzeko ordezkaritza.