Kopuru hori ez da kasualitatea. 2016tik, Mugikak urtean, 6.000 km. egiteko helburua jarrita dio bere buruari. Orain, berriz, 2029rako 100.000 km. egiteko erronka hartu du (aurtengo apirilerako 66.000 km. eginda izango ditu), "tabernara egunero doanarendako moduan, nik eguneroko ordu eta erdi hori (asteburuetan gehiago) behar dut. Niretzat ez da sakrifizioa. Burua garbitzen dit, eguneko arazoak arindu… nik terapia moduan ikusten dut ", dio.
Gaur egun, Mugikak astero, gutxienez, 120 kilometro egiten ditu korrika, gehi, indar ariketak, "sarri esaten da korrika egiten dela forma hartzeko, baina nik uste dut forma hartu behar dela korrika egiteko. Bestela, lesioak datoz. Korrika egitea inpaktu handiko kirola da", esplikatu du.
Hasieran gustuko ez
Mugikak 17 urterekin ekin zion korrika egiteari. Orduan ez zuen batere gustuko. "Eskubaloian jokatzen nuen eta txarto ibiltzen nintzen, pisu handiagoa nuen eta gehiago kostatzen zitzaidan. Uda batean, pentsatu nuen: aurten ez naiz horren gaizki ibili behar aurre-denboraldian. Entrenatu egin nuen eta nire burua askoz hobeto ikusi nuen. Poliki-poliki hasi nintzen beste korrikalari batzuekin elkartzen eta behin esan zidaten: ez zara animatzen Behobiara? Animatu nintzen eta horrela engantxatu nintzen korrika egitera. Lasterketak, berriz, gustuko ditut, baina egiteke egon naiteke. Nire helburua ez da hori, nire helburua da 60 urtez edo gehiagoz korrika egiten segitzea, ahal den gehien".
Open Street Map
Korrikari bai, baina informatikari ere ordu asko ematen dizkio Mugikak, lanbidearengatik zein bestela.
Lanbidez, Madrilgo enpresa batendako dihardu, garatzaile modura, etxetik, "COVIDaren gauza onak", dio.
Afizioz, berriz, makina bat gauza egiten ditu. Azken boladan, Open Street Map-en Soraluzeri buruzko informazio eguneratua sartzen dabil. "Oinarria sartuta zegoen, baina zaharkituta. Ni eguneratzen eta osatzen nabil. Adibidez, skate parkea eta padel pista sartu ditut, Open Street Map-en antzinako U-a eta eraikina agertzen ziren eta. Soraluzeko 37 iturri eta kalistenia parkea ere kokatu ditut. Orain, berriz, gida egiten ari naiz jendea paseatzera animatzeko.
Open Datako saria
Bestalde, informatikari moduan, sariduna ere bada soraluzetarra. 2014an, aplikazio bat garatu zuen, Servirace, la guía runner, lasterketetara joatean, haien kokapenaren, inguruko zerbitzuen eta eguraldiaren berri ematen zuena. Lasterketen balorazioa egiteko ere balekoa zen, "lasterketen Guía Michelin moduko bat izan zen", dio. Servirace-rekin Open Datako saria eskuratu zuen 2016an, 2.000 euro; hurrengo lau urteetan, egunero eskaintzen zion dedikazioren bat aplikazioari, baina, irabazi gehiago eskuratu barik, "marketinean oso txarra naiz", adierazi du; azkenean laga egin zuen. Ez, ordea, gora begira egoteko. Mugika beti dabil ikasten, formatzen, erakusten (Twitterren debalde), asmatzen… Gainera, memoria pribilegiatua dauka. "Memoria oso ona dut. Behin ibilbide berri bat erakutsita, hilabetera joan naiteke eta ibilbidea buruz egin. Nire arazoa da ideia gehiegi eta denbora gutxiegi ditudala". Ideien artean, herriarekin eta osasunarekin lotutako proiektu bat lantzen ari da orain, beraz, seguru laster izango dugula berriro Anartz Mugika Ledoren berri.