Berritasunekin dator V. Bergarako Futbol Kanpusa

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 8a, 09:01
Bergarako futbol kanpusa iaz. Argazkia: Goiena.

Zabalik dago V. Bergarako Futbol Kanpusean izena emateko epea, maiatzaren 1era arte (artikulu barruan formularioa). Aurten, berritasunekin dator ekimena; besteak beste, kanpusa luzatu eta lau astekoa izango da, ekainaren 26tik uztailaren 21era bitartekoa, eta, futbola ardatz izango duen arren, bestelako kirol batzuei ere egingo diete lekua. 

Bergara Kirol Elkarteak (BKE) antolatzen duen futbol kanpusa ekainaren 26an hasi eta uztailaren 21ean bukatuko da. Beraz, aurten, lau astekoa izango da, baina posible da aste bakarrerako, bitarako zein hirutarako izena ematea.

2009-2014 urteetan jaiotako Bergarako, Antzuolako, Elgetako eta Soraluzeko neska-mutilei zuzendutako ekimena da eta Bergarako Kirol Elkarteko entrenatzaileek eta monitoreek zuzenduko dute. Iaz, 160 neska-mutikok parte hartu zuen.

Futbola eta bestelakoak

Iragarri dutenez, berritasun askorekin dator aurtengo edizioa. Futbola ardatz izango duen arren, beste kirol batzuek ere tartea izango dute eta mendira, hondartzara eta 1. mailako futbol zelai batera bisitak ere egingo dituzte. Horrez gainera, jokalari profesionalen bisita ere izango dute eta kanpuseko parte-hartzaileek kamiseta ofizialak ere jasoko dituzte. 

Futbol kanpusaren bitartez, kirola, baloreak eta euskara oinarri izango dituen aisialdi ekintza zabala antolatzea da BKEren helburua.  

Izena emateko formularioa

Izen-ematea zabalik dago maiatzaren 1era bitartean. HEMEN KLIKATUTA dagoen formularioa bete behar da izena emateko eta ordainketa agiria kargatu behar da bertan. Prezioak, berriz, honakoak dira: 1, 2 edo 3 aste, 90 euro aste bakoitza. Lau asteak 290 euro. Ordainketa: Banco Sabadell Guipuzcoano: ES70 0081 4257 8700 0131 2039.