Irantzu Benito (Biktima): "Dispertsio politikaren helburua izan zen barruan zeudenei eta senitartekoei sufrimendua eragitea"

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 1a, 08:30

Irantzu Benito.

Irantzu Benitok bere larruan sufritu zituen dispertsio politikaren ondorioak 2001ean Avilarako espetxera bidean auto istripua izan eta zauri larriak jasan zituenean. Bikotea eta laguna ere galdu zituen istripu hartan.

Zer sentitu duzu sakabanaketa politika amaitu dela jakitean?
Poztasuna sentitu dut, denok moduan, eta baita inpotentzia ere, 34 urte itxaron behar izan dugulako hau bukatzeko. Baina orokorrean, poztasuna eta baita lasaitasuna ere, guk jasan dugun egoera bera jasan dutenengatik, jasaten ari direnengatik eta barruan daudenengatik. 

Dispertsio politikaren helburua izan zen barruan zeudenei eta senitartekoei sufrimendua eragitea. Barruan zeudenak zigorra betetzen zeuden eta min handia eragin zieten senideak eurak bisitatzera joan behar horrekin, barrukoak errudun sentitzeraino, baina erruduna 35 urtean ezarritako dispertsioa izan da. 

Zuri zelan eragin dizu sakabanaketa politikak?
Istripua baino lehen ere eragiten zidan dispertsio politikak, senideak nituen espetxean eta osaba bisitatzera joateko senideek eta lagunek kilometro piloa egin behar izan genituen; bidaiek berezkoa zuten istripu arriskuaz aparte, ekonomikoki ere eragin handia suposatu izan du.

Istripua eduki eta gero, lagun bat eta senarra galdu nituen. Gure proiektua pikutara joan zen eta fisikoki zein psikologikoki eragin handia izan nuen.

Fisikoki, zorionez, askoz okerragoa izan zitekeen eta errehabilitazioarekin gainditzen zoaz. Baina psikologikoki denbora luzea behar izan nuen, nahiz eta senideen eta lagunen babes handia izan, baita Udaleko lankideena ere.