Rosa Etxeberria (Etxerat): "Lortu genuena izan zen senideak, familiarrak, lagunak… denok demaseko elkartasun sarea sortzea"

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 1a, 08:30

Rosa Etxeberria.

Rosa Etxeberria Etxerat presoen senideen elkarteko kidea da eta urte luzez dihardu presoen giza-eskubideen aldeko aktibismoan, bisitetarako joan-etorriak antolatzen, mobilizazioak prestatzen, senideei laguntzen...

Zer sentitu duzu sakabanaketa politika amaitu dela jakitean? Zela eragin dizu dispertsio politikak?
Zoriontsu sentitu naiz hainbeste urteren ondoren, 34-35 urte eta gero, politika krudel bat amaitu dela jakin dudanean. Baina pentsatu izan dut nire eta ni bezala beste senide batzuek jasan izan dugun nekean, izuan, bidaia bat egiterako orduan. Bai guk geuk egin behar genuenean eta baita ere lagunak-eta joaten ziren bakoitzean, bueltako dei horren zain, beti. Asko gogoratzen naiz, baita ere, nire bikotearen amarekin, orain dela bi aste hil dena, ez duelako notizia honen berri izan eta hark urte asko egin zituen Espainiako mapa karretera horretan bueltaka. Akordatzen naiz ere bai nire tia Begoña eta tio Joxerekin, Pelloren gurasoak, Penintsula osoari ia buelta eman ziotenak, eta, eurek ere ez dute aukera izan notizia hau bizi izateko. 

Gogorapenak datoz, baita ere, elkartasunarekin lotuta. Politika hori martxan jarri zutenek uste bazuten senideek eta lagunek presoak gure bitartez presiopean jarriko zituztela, hori ez zuten lortu. Lortu genuena izan zen senideak, familiarrak, lagunak… denok demaseko elkartasun sarea sortzea gure artean eta azpimarratuko nuke nola kapazak izan ginen hori lortzeko, bakarrik ez joateko, elkarrekin joatea kotxeetan, txandaka gidatu… Elkartasun sare hori, zapuztu nahi zuten hori… alderantzizkoa lortu zuten. 

Pentsatzen dut egunen batean egingo dela halako Memoriaren Mapa osatu bat eta espero dut hor sartzea dispertsioaren biktimen oroimena, batez ere 16 izan badira dispertsioak eragindako hildakoak, Plazentzian badagoelako horren eragin zuzena Asier Heriz eta Iñaki Saezen istripuarekin. 

Gogoratu beharra dago, baita ere, Luismari Heriz, Marifran, Libe, Iñakiren eta Asierren gurasoak. Eta inongo errebantxa asmo barik, baina ondo egongo litzateke Memoria Mapa horrek ere jasotzea dispertsioa politika hori martxan jarri zutenak, ezinbesteko laguntza eman zutenak eta albo batera begiratu zutenak.