Zer sentitu duzu sakabanaketa politika amaitu dela jakitean?
Poza, demaseko poza. Hainbeste urte… ematen zuen inoiz ez zela heldu behar halako egun bat. Etxeratzeena ere badoa aurrera, baina urte batzuetan ematen zuen inoiz ez zela amaiera iritsiko. Orain heldu da-eta… ba poza. Baina hainbeste urte kalean, hainbeste manifestazio, elkartasun egun, hainbeste mozio eta lanketa… egon gara… Guk etxean aitarekin bizi izandakoaren ondoren ere segitu dugu. Bestalde, Plazentzian, gertatu zena eta gero, ba halako egun batean gogoratzen zara Iñakirenaz eta Asierrenaz, argaratetarrenaz…
Zuri zelan eragin dizu sakabanaketa politikak?
Txikitatik bizi izan dut. Aita kartzelan sartu zuten ni jaio baino lehen, ni jaio nintzen irailean eta aita sartu zuten aurreko maiatzean. Bidaia haiek… Pozik nago oraingo umeek ez dutelako orduko moduko bidaiarik egin beharko kartzeletara. Umea zara eta akaso ez zara konturatzen, baina oroitzapen txarrak ditut, demaseko bidaiak ziren, beroa, pasilloan lo eginez… Eta ama, hiru ume txikirekin, pentsa…Nire lehen bi urteak Madrilera, Puerto de Santa Mariara… joaten pasatu nituen. Lehen bidaian, gogoan dut, eraman gintuen Jose Ramon Ezozikoak… oporrak moduan hartu eta 15 egun eman genituen bidaia hartan. Gero denak Madrilen elkartu zituzten. 1989ra arte-edo. Gero sakabanatzeko erabakia hartu zuten. Hori oso gogorra izan zen. Bakoitza punta batera bidali zuten, Salto del Negrora, Cordobara… Madrilera, behintzat, denak batera joaten ginen, autobusean, baina gero… Bidaiak amaigabeak ziren: bariku arratsaldeetan irten eta domeka arratsaldera arte. Gu, ume ginela, asteburuak galdu, futboleko eta pilotako partiduak galdu… Azkenean hori ere egongo zen sakabanaketaren atzean, presoen ingurune dena apurtzeko nahia, familiak horrela erabiliz… dispertsioaren helburua ere bazen presoak bakarrik lagatzea. Gero azken urteak Gasteizen, Burgosen… egin zituen eta hori oso ona izan zen guretzat. Halako egoera gogorrak amaitzean, haien bueltako izenak datozkizu gogora, Bocegillas famosoa… Orain oraingo umeek ez dute hori biziko, ezta nagusiek ere… horregatik poztu eta ospatu.
Alde txar handia izan zuen baina gauza onak bizitzeko aukera ere eman dit, adibidez, ikusten duzu jendeak zenbat laguntzen duen; elkartasuna demasekoa, handia, bidaietan, Maria eta Joxepa arrasatearrak… eta herrian ere jende askok lagundu gaitu. Ikusten duzu jendea laguntzeko prest dagoela. Hori alde ona da; elkartasun hori barik ezingo genuke aurrera eraman halakorik.
Azkenik, mezu bat ere helarazi beharra dago, Sareren eta Etxerat-en mezua: Orain etxera. Aldarrikapena da etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika amortizatzea, eta lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzea. Kartzelan dauden euskal presoen % 90 baino gehiago, irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango lukete legeria arrunta aplikatuta.