Iraultz Arluziaga, Sare Herritarra Mugimendua:
Zer sentitu duzu sakabanaketa politika amaitu dela jakitean?
Poza, demaseko poza. Hainbeste urte… ematen zuen inoiz ez zela heldu behar halako egun bat. Etxeratzeena ere badoa aurrera, baina urte batzuetan bazirudien inoiz ez zela hau iritsiko. Orain heldu da-eta… ba poza. Baina hainbeste urte kalean, hainbeste manifestazio, elkartasun egun, hainbeste mozio eta lanketa… egon gara… Guk etxean aitarekin bizi izandakoaren ondoren ere segitu dugu. Bestalde, Plazentzian, gertatu zena eta gero, ba halako egun batean gogoratzen zara Iñakirenaz eta Asierrenaz, Argaratetarrenaz…
Zuri zelan eragin dizu sakabanaketa politikak?
Txikitatik bizi izan dut. Aita kartzelan sartu zuten ni jaio baino lehen, ni jaio nintzen irailean eta aita sartu zuten aurreko maiatzean. Bidaia haiek… Pozik nago oraingo umeek ez dutelako egingo bidaia haiek. Umea zara eta akaso ez zara konturatzen, baina oroitzapen txarrak ditut, demaseko bidaiak ziren, beroa, pasilloan lo eginez… Eta ama, hiru ume txikirekin, pentsa…Nire lehen bi urteak Madrilera, Puerto de Santa Mariara… joaten pasatu nituen. Lehen bidaian, gogoan dut, eraman gintuen Jose Ramon Ezozikoak… oporrak moduan hartu eta 15 egun eman genituen bidaia hartan. Gero denak Madrilen elkartu zituzten. 1989ra arte-edo. Gero sakabanatzeko erabakia hartu zuten. Hori oso gogorra izan zen. Bakoitza punta batera bidali zuten, Salto del Negrora, Cordobara… Madrilera, behintzat, denak batera joaten ginen, autobusean, baina gero… Bidaiak amaigabeak ziren: bariku arratsaldeetan irten eta domeka arratsaldera arte. Gu, ume ginela, asteburuak galdu, futboleko eta pilotako partiduak galdu… Azkenean hori ere egongo zen sakabanaketaren atzera, presoen ingurune dena apurtzeko nahia, familiak horrela erabiliz… dispertsioaren helburua ere bazen presoak bakarrik lagatzea. Gero azken urteak Gasteizen, Burgosen… egin zituen eta hori oso ona izan zen guretzat. Halako egoera gogorrak amaitzean, haien bueltako izenak datozkizu gogora, Bocegillas famosoa… Orain oraingo umeek ez dute hori biziko, ezta nagusiek ere… horregatik poztu eta ospatu.
Alde txar handia izan zuen baina gauza onak bizitzeko aukera ere eman dit, adibidez, ikusten duzu jendeak zenbat laguntzen duen; elkartasuna demasekoa, handia, bidaietan, Maria eta Joxepa arrasatearrak… eta herrian ere jende askok lagundu gaitu. Ikusten duzu jendea laguntzeko prest dagoela. Hori alde ona da; elkartasun hori barik ezingo genuke aurrera eraman halakorik.
Azkenik, mezu bat ere helarazi beharra dago, Sareren eta Etxerat-en mezua: Orain etxera. Aldarrikapena da etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika amortizatzea, eta lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzea. Kartzelan dauden euskal presoen % 90 baino gehiago, irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango zuketen legeria arrunta aplikatuta.
Rosa Etxeberria: Etxerat
Zer sentitu duzu sakabanaketa politika amaitu dela jakitean eta zela eragin zizun dispertsio politikak?
Zoriontsu sentitu naiz hainbeste urteren ondoren, 34-35 urte eta gero, politika krudel bat amaitu dela jakin dudanean. Baina pentsatu izan dut nire eta ni bezala beste senide batzuek jasan izan dugun nekean, izuan, bidaia bat egiterako orduan. Bai guk geuk egin behar genuenean eta baita ere lagunak-eta joaten ziren bakoitzean, bueltako dei horren zain, beti. Asko gogoratzen naiz, baita ere, nire bikotearen amarekin, orain dela bi aste hil dena, ez duelako notizia honen berri izan eta hark urte asko egin zituen Espainiako mapa karretera horretan bueltaka. Akordatzen naiz ere bai nire tia Begoña eta tio Joxerekin, Pelloren gurasoak, Penintsula osoari ia buelta eman ziotenak, eta, eurek ere ez dute aukera izan notizia hau bizi izateko.
Gogorapenak datoz, baita ere, elkartasunarekin lotuta. Politika hori martxan jarri zutenak uste bazuten senideek eta lagunek presoak gure bitartez presiopean jarriko zituztela, hori ez zuten lortu. Lortu genuena izan zen senideak, familiarrak, lagunak… denok demaseko elkartasun sarea sortzea gure artean eta azpimarratuko nuke nola kapazak izan ginen hori lortzeko, bakarrik ez joateko, elkarrekin joatea kotxeetan, txandaka gidatu… Elkartasun sare hori, zapuztu nahi zuten hori… alderantzizkoa lortu zuten.
Pentsatzen dut egunen batean egingo dela halako Memoriaren Mapa osatu bat eta espero dut hor sartzea dispertsioaren biktimen oroimena, batez ere 16 izan badira dispertsioak eragindako hildakoak, Plazentzian badagoelako horren eragin zuzena Asier Heriz eta Iñaki Saezen istripuarekin.
Gogoratu beharra dago, baita ere, Luismari Heriz, Marifran, Libe, Iñakiren eta Asierren gurasoak. Eta inongo errebantxa asmo barik, baina ondo egongo litzateke Memoria Mapa horrek ere jasotzea dispertsioa politika hori martxan jarri zutenak, ezinbesteko laguntza eman zutenak eta albo batera begiratu zutenak.
Irantzu Benito: Sakabanaketa politikaren biktima
Zer sentitu duzu sakabanaketa politika amaitu dela jakitean?
Poztasuna sentitu dut, denok moduan, eta baita inpotentzia ere, 34 urte itxaron behar izan dugulako hau bukatzeko. Baina orokorrean, poztasuna eta baita lasaitasuna ere, guk jasan dugun egoera bera jasan dutenengatik, jasaten ari direnengatik eta barruan daudenengatik.
Dispertsio politikaren helburua izan zen barruan zeudenei eta senitartekoei sufrimendua eragitea. Barruan zeudenak zigorra betetzen zeuden eta min handia eragin zieten senideak eurak bisitatzera joan behar horrekin, barrukoak errudun sentitzeraino, baina erruduna 35 urtean ezarritako dispertsioa izan da.
Zuri zelan eragin dizu sakabanaketa politikak?
Istripua baino lehen ere eragiten zidan dispertsio politikak, senideak nituen espetxean eta osaba bisitatzera joateko senideek eta lagunek kilometro piloa egin behar izan genituen; bidaiek berezkoa zuten istripu arriskuaz aparte, ekonomikoki ere eragin handia suposatu izan du.
Istripua eduki eta gero, lagun bat eta senarra galdu nituen. Gure proiektua pikutara joan zen eta fisikoki zein psikologikoki eragin handia izan nuen.
Fisikoki, zorionez, askoz okerragoa izan zitekeen eta errehabilitazioarekin gainditzen zoaz. Baina psikologikoki denbora luzea behar izan nuen, nahiz eta senideen eta lagunen babes handia izan, baita Udaleko lankideena ere.
Marifran Aizpuru: Semea galdu zuen bisitetako batek eragindako istripuan
Zer sentitu duzu sakabanaketa politika amaitu dela jakitean eta zela eragin zizun dispertsio politikak?
Egia bada, oso pozik sentituko naiz. Oso desberdina da seme-alabaren bat hiltzea baina norberak ohean zaindu eta gero, norberak lagundu ahal izanda. Bestea izugarria da. Hori sekula santan ezin da ahaztu. Horrela gertatzea, bi mutilak joan ziren moduan. Istripuaren errua da zergatik joen behar izan ziren horrela, bidaia haien baldintzak zelakoak ziren, zenbat ordu, gauez… Familia guztietan egoten dira apurketak, baina hau ezin da sekula ahaztu. Azkenak izan daitezela, benetan, hori da nik nahi dudana.