Pentsiodunen ustetan DSBEaren (RGI) berriak ez ditu pentsio duinak bermatzen

Ubane Madera Zangitu 2023ko mar. 28a, 10:01

Atzo, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, martxoaren 29an indarrean sartuko den Diru-Sarrerak Bermatzeko (DSBE) errenta lege berria izan zuten hizpide. Besteak beste, gogora ekarri zuten lege berri horrek ez dituela oraindik pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak jasotzen eta beraz, ez duela bermatzen adinekoek ekonomikoki bizitzeko beste izatea. Bestalde, geroago eta jende gehiago ari da bat egiten astelehenetako elkarretaratzeekin, batik bat, Frantzian, pentsioen aldeko mobilizazioak hasi zituztenetik.

Pentsiodunen mugimenduaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak baditu “eskumenak eta baliabideak” pentsioak 1.080 euroraino osatzeko, “baina lan-bizitza oso baten ondoren bizi-maila duina izateko aukerarik ematen ez duten pentsioak” jasotzen dituztenei ez die erantzuten DSBEak. 

Atzo, plazan egindako elkarretaratzean, kritikatu egin zuten DSBEa kalkulatzeko sistema: “Bizikidetza-unitate bat osatzeko baldintza ezartzean, automatikoki lotzen du eskatzailea bere ezkontide edo bikotekidearekin; beraz, biak pentsiodunak badira, diru-sarrerak elkartu egiten dira ondorio guztietarako”.

Emakumeak kaltetuenak

Zentzu horretan, gogora ekarri zuten emakumeak direla “pentsiorik apalenak” dituztenak, eta, beraz, “beste pertsona batekin bikotean bizitzeak DSBEtik kanpo uzten ditu, eta ezkontidearen edo izatezko bikotearen mende egotera edo bakarrik bizitzera behartuta daude” .

Horregatik diote DSBEak “zigortu” egiten dituela “emakume pentsiodunak, biak pentsiodunak diren bikoteak, baita etxe berean beste bizikidetza-unitate batzuekin bizi diren pentsiodunak ere, familiakoak izan ala ez, automatikoki dagokien DSBEa %15ean murrizten dietelako”.

Eusko Jaurlaritzari buruz, berriz, diote haren “zikoizkeria muturreraino” iristen dela, ez duela “ofizioz jardun nahi adinekoei bizitza duina bermatzeko betebeharra betetzeko”. Datuak ere eman zituzten: “2022ko abenduan, 12.686 pentsiodunek soilik jaso zuten DSBE osagarria EAEn, hilean 700 eurotik beherako 40.000 alargun-pentsio baino gehiago zeudenean, eta 62.000 pentsiodun baino gehiago pobrezia larrian zeudenean, hilean 454 eurotik beherako pentsioekin”. 

Emakumeei dagokienez, berriz, uste dute Jaurlaritzak “azaldu” egin behar duela “zergatik euskal milaka emakumek ez duten behar adinako diru-sarrerarik beren bizitzaren azken etapan”. 

1.080 euroko pentsioa

Horregatik guztiagatik segituko dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen, hamalau pagatan. Argi dute kopuru hori dela “EAEko pentsiodun bakoitzari bizitza duina bermatzeko, inflazio handiari aurre egiteko, elikagai eta oinarrizko produktuen %16 baino gehiagoko handitzeari aurre egiteko, eta pentsioetan %36tik gorako genero-aldea murrizteko”.

Atzo, astelehena, 45 herritarrek babestu zuten pentsio publiko dueinen aldeko protesta eta joan den astelehenean ere 40tik gora izan ziren, azken boladako elkarretaratze jendetsuenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.