Berriro ere lapurretan egin dute Ezoziko futbol zelaiko tabernan

Ubane Madera Zangitu 2023ko mar. 14a, 11:58

Bart gauean, astelehena, Ezoziko futbol zelaiko tabernan sartu dira. Paseatzen zebilen gizon batek eman du abisua. Tabernaren kudeatzaileak esandakoaren arabera, sarraila errebentatuta zegoen eta tabernako barruko alde guztia aldrebestuta. Hasierako gainbegiratuan, atzeman dute gutxienez edari botilak falta direla. Ertzaintza zein Udaltzaingoa izan dira bertan. Orain dela bost hilabete eskas ere lapurretan egin zuten leku berean. 

 

Etsituta eman dute bart gaueko lapurretaren berri tabernako kudeaketaz arduratzen direnek. Kontatutakoaren arabera, paseatzaile batek abisatu eta gero, tabernara bertaratu eta sarrerako atearen sarraila guztiz errebentatuta aurkitu dute eta tabernaren barruko alde dena aldrebestuta.

08:46ean bertaratu da Ertzaintza eta 11:00ak arte egon dira bertan, gertatutakoa ikertzen, poliziak esandakoaren arabera, baina, ezin da ezer aurreratu.

Tabernaren kudeatzaileek esandakoaren arabera, berriz, hasierako gainbegiratuan ikusi dute edari botila batzuk, behintzat, faltan zirela. Dirurik, berriz, ez dute eraman, dagoeneko dirurik ez dutelako bertan lagatzen. Orain, tabernako gauzen zenbaketa egin beharko dute, salaketan faltan dagoen guztiaren berri emateko.

2022ko urrian ere egin zuten lapurretan Ezoziko futbol zelaiko tabernan. Orduko hartan ere ateko sarraila errebentatuta sartu ziren. Ertzaintzak esandakoaren arabera, ez dute lapurreta haren gaineko informazio berririk. 

Erlazionatuak