Gaur, asteleheneroko elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian, pentsiodunen mugimenduak deituta. Soraluzen, 40 bat lagun elkartu dira. Aldi berean, Euskal Herriko beste 70 herritan ere egin dituzte mobilizazioak eta Bilbon, zapatura bitarteko baraualdiari ekin diote, zapatuan manifestazioarekin bukatuko duten ekimena. Esan dutenez, 200 pertsona baino gehiagok eman dute baraualdirako izena.
Bestalde, Espainian onartu berri duten pentsioen erreformaren gaineko balorazioa egin dute gaurko elkarretaratzean. Diotenez, “pentsioen-mugimenduaren eskariek eta mobilizazioek bultzatuta itxurazko hobekuntzak” dituen arren, erreformak ez ditu “asetzen”.
Batetik, 2023an ez delako izango 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik.
Bestetik, ondo ikusten dute “pentsioaren kalkulu-aldia 30 urtera arte handitzeko proposamena erretiratzea”. Baina ez dute ondo ikusten aldi hori 25 urtetik 29ra luzatzea. Diotenez, “Espainiako Bankuaren beraren arabera, kalkulu-aldia handitu den urte bakoitzean pentsioaren % 0,5eko murrizketa ekarri du”. Hori dela-eta, pentsiodunen mugimenduak eskatzen du pentsioa kalkulatzeko kotizatutako 15 urterik onenak erabiltzea.
Auditoria egin barik
Hirugarrenik, oraindik Gizarte Segurantzaren auditoritzarik egin ez izana salatzen dute eta uste dute hori “sistemaren finantzaketari buruzko zalantzak sortzeko erabiltzen” dela.
Hori bai, “positiboki” baloratzen dute “genero-arrakalaren osagarriari buruzko diskriminazio positiboko neurriak hartzea eta emakumeentzako hutsuneetako estaldurak, nahiz eta gutxiegitzat” jotzen dituzten.
Dena den, oro har, diote azken bost urteotan egiten ari diren aldarrikapenen “zati ederra” kanpoan laga dutela eta haiek exijitzen segituko dutela. Honako hauek, hain justu:
- 65 urterekin gutxienez erretiroa berreskuratzea.
- Konpentsazio-ordainsaria, pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzeko.
- Genero-arrakala ezabatzeko neurri eraginkorrak ezartzea.
- Gutxieneko pentsioa handitzea, Europako Gutun Sozialaren nahikotasun-irizpideak lortu arte, 1.080 eurotik hasita, gutxienekoen lurzoru gisa, eta ez horien muga gisa, proposamenak planteatzen duen bezala.
- %100 Alarguntza-pentsioarentzat
- 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea.
- Pentsioak bermatzea, kalitatezko enplegua eta soldata duinak sortuz, pentsioen sistema publikoa bermatzea, pribatizatzeko ahaleginen aurrean.