Zelan animatu zinen?
Lankide baten umea ikustera joan nintzen Mendarora; han epaileak kale egin zuen eta lankidearen umeak eskatu zidan faborez ea epaile egingo nuen eta lau ume pozik lagatzearren hori egin nuen. Gero harra sartu zitzaidan eta azterketara aurkeztu nintzen, Euskadiko Pilota Federazioaren Abadiñoko egoitzan.
Non ibiltzen zara epaile?
Lazkao, Oñati, Aretxabaleta, Arrasate eta Soraluze. Soraluzen egin nuen estreinaldia.
Zer moduz?
Hasieran oso-oso urduri. Etxekoak etorri ziren eta niretzat izan zen momentu oso-oso espeziala: nire etxean, nire herrian eta nire etxekoez inguratuta izatea, estreinaldia izan zen mundiala, deskribatu ezinekoa.
Orain, zelan ikusten duzu zure burua?
Batzuetan dudak sartzen zaizkizu zer egin duzun ondo edo zer ez, baina gutxinaka ikasten eta konfidantza hartzen eta aurrera egiten.
Aurrekoan pilotari bat haserretu zen…
Bai, amaieran barkamena eskatu zidan esanez frontoian prontua zeukala eta nire lana ondo egin nuela, nahiz eta hasieran nire lana zalantzan jarri. Baina duden barruan gauzak ondo egiten diren segurtasunarekin baldin bazaude, nahiz eta eurak konforme ez egon, lasai zaude.
Justu orain frontoietan ikusten diren jarrerekin hasi dira zeresanak.
Bai, orain hasi dira orain arte kontrolatzen ez ziren zenbait jarrera kontrolatzen. Pilotaria bortitza ez izateko irudia bultzatzen, lehenago ikusten ziren zenbait jarrera (aulkia xehetu…) zigortzen hasi dira.
Egiten da?
Bai, epaile batzuk egiten dute, kontrolatzen dute jarrera. Niri ez zait tokatu.
Azken batean, pilotari beteranoak dira umeen eredu…
Bai. Pilota elkarteetan dauden nagusienak dira atzetik datozen gazteen eredu eta baloreak eta beste gauza asko transmititzen dira.
Zailena zer egin zaizu?
Plazentziarrak epaitzea. Uste dute beti etxekoen alde egingo duzula eta kanpotik datozen pilotariak ere ezagunak dira eta neutroa izan behar zela. Dena den, gogorrena egin zitzaidan nire aita nire partida bat ikustera etorri zen lehen aldia.
Zergatik?
Etxekoak etorrita ziren baina nire aita ez. Etorri zenean oso urduri jarri nintzen.
Zein partidutan gustatuko litzaizuke epaile izatea edo zeinetan ez?
Final handi baten herrikoak daudela eta asko duzuna jokoan. Urduri ipiniko nintzateke oso. Nahiago dut partida txikiagoak egin eta egin eta konfidantza hartzen joan.
Zein gustatuko litzaizuke?
Fama edo indar handia hartzen ari dira neskak eta gustatuko litzaidake emakumeen partida baten epaile izatea. Denak emakumeak izatea.
Ze lan eskatzen du epaile izateak?
Norberak erabakitzen du dedikazioa. Guk daukagu partiduen zerrenda eta ahal dugu edo ezin dugu. Ni nabil hilean partida bat/bi eginez.
Baina gehiago badaude?
Bai, astebururo. Desberdin ordaintzen da, berriz, partida pribatua izan edo Federazioak antolatutakoa izan.
Nahikoa epaile dago?
Gehiago eskertuko lirateke. Batzuetan kubritu ezinda ibiltzen gara. Baina gaudenekin eta pilota elkarteko kideek ere laguntzen dute eta denon artean konpontzen gara.
Osasuntsu dago pilota?
Esango nuke baietz. Urtean torneoak ikustera joaten naiz eta gazteak badatoz, gazteak badaude eta atzetik umeak ere badatoz elkarteetan. Polita da hori ikustea. Soraluzen pilotarako afizioa badago eta neska-mutkoak pilotan badaude, baina herriak ikusle moduan ez du erantzuten. Ez dauka futbolak duen maila bera. Hona etortzen dira pilotarien gurasoak eta inguruko lau gazte eta kito.
Emakume bezala errespetua erakusten dizute?
Bai. Gizonezkoei bezala. Berdin.
Zuk jarraitzen duzu pilota?
Betidanik. Nire gurasoek pilota jarraitu izan dute. Gure etxean asteburuetan ez da futbola ikusten, pilota ikusi da betidanik eta gurasoekin joaten gara inguruko torneoak ikustera.
Zeintzuk dira zure faboritoak?
Profesionaletan Beñat Rezusta. Zaleetan Soraluzeko Pilota Elkarteko Ander Murua. Pilotan hasi zenetik hobekuntza handia egin du eta nesketan Laia Salsamendi nafarra.