Langabezia behera

Ubane Madera Zangitu 2023ko mar. 7a, 09:14

Otsailean, behera egin zuen langabezia-tasak Soraluzen. Oraingoan, gainera, Debabarreneko joera orokorraren kontrako datuak laga zituen, izan ere, bakarrik Mutrikun eta Soraluzen egin zuen behera langabeziak, eskualdeko gainerako herrietan, berriz, gora. Edozelan ere, eskualdeko langabezia-tasarik altuena izaten segitzen du Soraluzek.

Otsailean, 233 langabe kontabilizatu dituzte Soraluzen, urtarrilean baino 8 gutxiago. Jaitsiera txikia da hori, baina sikiera, jaitsiera eman da langabe kopuruan eta ez da hori gertatu eskualdeko gainerako herrietan, bakarrik Mutrikun.

Iazkoa baino altuagoa

Hori bai, Soraluzeko langabezia-tasak %13tik gertu izaten segitzen du eta eskualdeko altuena da. Gainera, iazko otsaileko datuekin alderatuta, gora egin du langabeziak herrian eta igoera hori izan duen herri bakarra izan da. Debabarreneko gainerako herrietan, iazko otsailean baino langabe gutxiago kontabilizatu dituzte aurtengo otsailean.  


Hona hemen aurtengo langabezia datuak herriz herri:

  • Deba               167             %6,40
  • Eibar            1.488             %11,72
  • Elgoibar          481              %8,87
  • Mendaro           82              %8,07
  • Mutriku            197              %7,59
  • Soraluze          233              %12,49
  • Debabarrena   2.648           %10,10