Egun basogintzak bizi duen ziurgabetasunari erantzuteko asmoz eratutako proiektua da Tantai. Kooperatibaren ustez, kudeaketa tradizionala ez dator bat XXI. mendeko erronkekin. Halabaina, Tantaik planteatzen duen basogintza eredu berriaren oinarrietako bat da ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzea.
Momentuz sustatzaileen zerrendan hogeita hamarren bat lagun batu dira, baina burokrazia kontuak amaitutakoan elkarte, udaletxe eta enpresak batzea ere espero dute.
Plazentziatar bat bazkide
Kooperatibako bazkideen artean plazentziatar bat dago: Roke Akizu, Arteaga baserriko bizilaguna. Plaentxia.eus-en galderei erantzun die.
Zergaitik erabaki duzu bazkide egitea?
Tantai Kooperatiba Elkarteak helburu duelako garatzea ekosistema bermatuko duen basoen kudeaketa jasangarria. Ekoizpenari eta errendimendu ekonomikoari muzin egin gabe, bermatzen dira bioaniztasuna eta gizartearekiko konpromisoa. Konpromiso honek ekosistemarekiko onura helarazten dio gizarteari: co2 hustuleku izanez, uraren zikloaren zainduz, bertako landaretzan oinarritutako baso ekonomia jasangarria landuz.
Gaur egungo sistemaren osagai nagusiak dira espezie bakarreko landaketak eta matarrasa. Hori bortitza eta higatzailea da ingurumenarentzat. Gainera, izurrite eta faktore meteorologiko gogorren aurrean erraz desorekatzen eta kolapsatzen da. Ziurgabetasuna handiegia da eta tarteka inbertsio handiak eskatzen ditu.
Bertako zuhaitzez osatutako basoen kudeaketak ez du horrela funtzionatzen. Basoa zenbat eta konplexuagoa izan orduan eta egonkorragoa eta erresilienteagoa da eta gaitasun handiagoa du dena delako oztopoetatik biziraun eta garatzen jarraitzeko. Basoen kudeaketa horrek demaseko lasaitasuna ematen dit, ziurtatzen duelako ondorengoek baso iraunkor eta emankor bat jasoko dutela eta kudeaketa amankomun baten dinamika, sekulako profesionalekin.
Bazkide egiteak zer suposatzen du?
Urteko kuota bat ordaindu behar da, beste edozein elkartetan bezala. Egin zaitezke bazkide laguntzaile ere, baina nire kasuan, interesatzen zaidana da lursailak aipatutako helburuekin kudeatzea, beraz, ni bazkide erabiltzaile egin naiz.
Etorkizuneko baso politika martxan da, ekonomikoki bideragarria da eta luzera begira are eta bidegarriago izango da.
Informazio gehiago: Tantai Baso Jabe kooperatibaren webgunean.