galdetegia online

Debabarreneko Plan Estrategikoa lantzeko herritarren iritzia batu nahi dute

Ubane Madera Zangitu 2023ko mar. 1a, 10:01

Debabarreneko Plan Estrategikoa lantzen dihardu Debegesak eta prozesu horretan, herritarren ekarpenak jasotzeko formularioa prestatu du, online. Martxoaren 8ra arte dago hura betetzeko epea zabalik. Eskualdeko orain arteko plan estrategikoa 2022ra arte egon da indarrean eta orain eguneratu egin nahi dute, 2030. urtera bitarteko “aldaketa handiei” eta “erronkei”  aurre egiteko. 

Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak jakinarazi duenez lantzen ari den Debabarreneko Plan Estrategikoaren norabideak, oro har,   “ikuspegi eraldatzailea” izango du, 2030. urterako “Euskadiko 4. metropoli eremu gisa” posizionatzeko helburuarekin.

Plan estrategikoaren baitan, “hamar proiektu transformatzaile” landu dituzte. Debegesaren ustez, proiektu horiekin eragin nahi dute “eskualdearen garapenerako giltzarritzat” dituzten lau eremutan: “ekosistema industrialean eta ezagutzan; birsorkuntzan eta hiri-kalitatean, ekonomia jasangarrian eta lurraldearen kohesioan eta inklusibitatean”. 

Honakoak dira landu dituzten hamar proiektuak

  • Debabarrena, Industria eskualdea.
  • Debabarrena, barruti ekintzaile eta berritzailea.
  • Debabarrena, birgaitze eta berroneratze integrala, birsortze eredua.
  • Debabarrena berdez mugitzen da! Euskadiko mugikortasun iraunkorreko lehen hiriarteko sarea.
  • Debabarrena Natura, Deba ibaia lurraldearen ardatz.
  • Debabarrena, energia eredu jasangarria.
  • Debabarrena, sormen eskualdea.
  • Debabarerna, zahartzeko aktibo eta osasungarria.
  • 4. Metropoli Espazioa, marka eraikuntza.
  • Debabarrena Talent.

Xehetasunetan sartuta, ekintza zehatzak ere aipatzen dituzte txostenean. Adibidez, Soraluzeri dagokionez, hiri-barruko eta hiri arteko bidegorrien sarea indartzea aurreikusi dute. Zentzu berean, Debabarrena eta Debagoiena bidegorriz lotzeko beharra ikusi dute. Eta besteak beste, Soraluzen, Mendaron eta Elgoibarren uholdeei aurrea hartzeko jarduerak egitea ere aurreikusi dute.

Edozein modutan, planaren zirriborroa eta xehetasun guztiak HEMEN KLIKATUTA kontsulta daitezke eta ekarpenak, berriz, HONAKO FORMULARIOA beteta egin daitezke.  

Orain arteko ibilbidean, plan estrategikoaren zirriborroa landu ondoren, eskualdeko eragileekin ere landu dute hausnarketa prozesua. Besteak beste, otsailaren 23an egin zuten horretarako lansaioa Debegesan bertan (argazkian).