Hiru hitzordu esanguratsu martxoan

Ubane Madera Zangitu 2023ko ots. 28a, 19:42

Martxoko hainbat gertakari salatu eta nabarmendu zituzten atzo, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Besteak beste, gogora ekarri zuten laster dela martxoaren 3a eta azpimarratu zuten Gasteizen hil zituzten bost langileak lan baldintza duinen alde zebiltzala borrokan. Bestalde, jakinarazi zuten jendea hasi dela izena ematen martxoaren 18an Bilboko manifestaziora joateko. Atzokoan, 40 bat lagun elkartu ziren Kontzejupean.

Atzoko elkarretaratzean, lau gai izan zituzten hizpide.

Batetik, zapatuan Osakidetzaren alde eta osasun publikoa desegitearen kontra deitutako mobilizazioak “oso arrakastatsuak” izan zirela baloratu zuten eta jakinarazi zuten Gipuzkoan, pentsiodunen partaidetza “oso handia” izan zela.

Martxoak 3 eta 7

Bestetik, gogora ekarri zuten laster dela martxoaren 3ko sarraskiaren 47. urteurrena. Ildo horretatik, azpimarratu zuten lan baldintzak hobetzeko bi hilabeteko grebaren ondoren, martxoaren 3an “herri osoa” atera zela kalera. Fraga eta Martín Villaren agindupean, indar errepresiboek tiroka hustu zutela bost mila lagunetik gorako batzar baketsua Zaramaga auzoko elizan, bost langile hil zituztela eta elkartasun mobilizazioetan beste bi hilketa izan zirela Basaurin eta Tarragonan. Halaber, salatzen dute oraindik ere agindu haiek eman eta bete zituztenak zigorgabe daudel.

Hirugarrenik, jakinarazi zuten Frantziar estatuko eta Ipar Euskal Herriko sindikatuek martxoaren 7rako greba eta protesta gehiago deitu dituztela pentsioen erreformaren aurka.

Azkenik, jakinarazi zuten, baita ere, gipuzkoarrak hasi direla izena ematen martxoaren 13tik 18ra Bilbon egingo den barau-itxialdian parte hartzeko. Dagoeneko 65 lagunek eman dute izena.