Kirol orientazio bulegoen beharra zeren sintoma da?
Datuei begiratuta, Euskal Herrian zein Espainian, lehen heriotza-kausa gaixotasun kardiobaskularrak dira (%25), istripuen aurretik (%10-15). Arazo kardiobaskularrak, gehienetan, lotuta daude sedentarismoarekin, gainpisuarekin, jarduera fisiko baxuarekin… Erakundeetatik bultzatu nahi dena da pertsona horiek aktiboago bilakatzea, heriotza horiek jaitsi eta euren bizi-kalitatea hobetzeko. Gaur egun, argi ikusten da osasunean inbertitu beharra dagoela. Azken urteotan ohitura sedentarioak eta gainpisua dutenen portzentajea handitzen doa, jarduera fisiko ezaren ondorioz.
Zenbateraino eragin dezake jarduera fisikoak norbere bizimoduan?
Egunerokotasunerako ondorio positiboak besterik ez dituela erakusten duen oinarri zientifikoa dago, bai adin txikikoen kasuan zein nagusien kasuan.
Adibidez?
Esaterako, adinarekin, zenbait ahalmen galtzen doaz eta normalean, indar ariketak lantzen ez direnez, urteekin, geroago eta gehiago kostatzen da eguneroko zereginak egitea, errekaduak garraiatzea… Garrantzia eman behar zaio indar ariketak egiteari, aktibo egoteari, egunerokotasuneko oinarrizko zereginak arazo barik burutzeko. Aktibotasun maila altuarekin eta indarra landuz, zahartzaroaren eraginak beranduago iritsiko zaizkigu, 50-60 urterekin barik, 80-90 urterekin. Eragin hori atzeratzen saiatu behar gara, gure bizi-kalitatea hobea izateko azken egunera arte.
Baina ohiturak aldatzea asko kostatzen da.
Askok diote denborarik ez dutela. Denbora bakoitzak nahi duen moduan kudeatzen du. Baina jarduera fisikoa egiteak ez du esan nahi egunero 1,5 ordu edo 2 ordu horretan ibili behar garenik. Aldaketa txikiak egiten hasi behar gara, gero, benetako aldaketak emateko eta aldatzea posible dela ikusteko. Ez da 100 metroko lasterketa bat, karrera luzea, maratoi bat da. Poliki-poliki hasi beharra dago gorputza ohitzen joateko. Egunero zerbait egitea beti da ezer ez egitea baino hobe. 5-10 minutu eginda ere, aldaketa batzuk egoten dira, txikiak izan arren.
Zelan funtzionatuko du kirol orientazio bulegoak?
Lehenengo, elkarrizketa egingo zaio datorrenari. Duen arazoaren edo helburuaren arabera, gomendio batzuk emango dizkiogu eta bizpahiru astera berriro hitzordua emango diogu ikusteko gomendioak baliagarriak izan diren, erabiltzailea gustura egon den, aldaketak eman diren, proposatutakoa jasangarria den… Ikusiz gero aldaketak egitea komeni dela, aldaketak egingo dira. Biok adostu behar dugu egin beharrekoa, bion artean, erabiltzailearen bizitza estiloan eragiteko.
Zein joan daiteke?
Edozein, gazteak, 80 urtekoak… Ez dugu adin mugarik. Plan indibidualizatuak eta pertsonalizatuak egingo ditugu, hori argi. Helburua da ahalik eta pertsona gehienengana ailegatzea. Kirola edo jarduera fisikoa mundu guztiak egin dezake eta guztiendako da onuragarria. Adibidez, urte askoan, kirola oso maskulinizatuta egon da, baina, azken 20-30 urteotan, gero eta emakume gehiago ari dira kirola praktikatzen. Ikusten ari da kirolak ez daukala sexualitaterik. Jendeari esango nioke lehen pauso hori ematen ahalegintzeko, gero, seguru bion artean adostasunen batera ailegatuko garela.