Horrez aparte, pentsiodunen mugimendutik gogora ekarri dute Estatu espainiarreko sei banku garrantzitsuenak ari direla demaseko irabazi ekonomikoak izaten, iaz baino %28 gehiago. Salaketa bera egin dute enpresa handiekin lotuta, adibidez, Repsolekin. Kasu honetan, diote 2021eko irabaziak %70ean hobetu dituela Repsolek. Eta gogora ekarri dute, demaseko irabazi horiek izanda ere, errekurritu egin dutela Espainiako Gobernuak eurei ipinitako zerga berezia.
Bestalde, enpresa handien datuok eskuartean, pentsiodunen mugimendutik jakinarazi dute Lakuako gobernuak ia 9.000 milioi euro inbertitu dituela banku-gordailuetan eta uste dute diru hori gizarte-premiak asetzera bideratuta egon beharko litzatekeela.
Azkenik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitzen segitzen dute, gogora ekarriz, % 8,5eko azken igoeraren ondoren, EAEn eta Nafarroan, 280.000 pentsio guztien %40a 1.000 eurotik behera daudela eta horietatik 205.000 pentsio emakumeenak dira. "Estatu mailan egoera berean 5.622.000 pentsio daude, guztizkoaren % 52, 1.000 eurotik behera; horietatik 3.650.000 emakumeenak dira”, gaineratu dute.
Ildo beretik, EAEko eta Nafarroako gobernuei gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzea exijitzen diete.